A maila

AXIER OLANO ZUFIAURRE

A Maila Bertsoa 2. saria
Kaixo, Axier naiz, 2005eko apirilaren 6an jaio nintzen, eta bigarren batxilergoa egiten ari naiz Txindoki institutuan. Txikitatik izan dut bertsoekiko zaletasuna, eta urte batzuk eman nituen bertso-eskolan. Oso gustuko dut kirola, batez ere atletismoa eta mendia, eta argazkiak ateratzea ere gustatzen zait.
AXIER  OLANO ZUFIAURRE

ITXURAK

 

DOINUA: Gure herri ttiki hau da

Arropaz ondo estali

egunero eskolarako,

denok ez baikara ederrak

guztien gustutarako.

Kolore diskretuekin

janztea esaterako

edo sabela estaltzea

arriskutsua delako

Jada berrituak gara

mundua ez da antzinako

nahi ezkero jantziko dut

soineko bat kalerako.

Eta zu ez zara inor

niri ezer esateko

inor ez delako bizi

besteen aginterako.

 

Erosketak egitera

joan amaren eskutik

gero berak galdetzeko

ea ez dudan lotsarik

Ez zidan utzi nahi eta

erosten praka arroxik

eta are gutxiago

konjunto dirdiratsurik

Azaldu nahian hari

nola jantzi nahi dudan nik

ta ez didazu esango zuk

etzazu egin dudarik

Eta altxatu egingo naiz

egindako irainetik

orain horrela janzten naiz

utzi ez izanagatik.

 

Kalean barrena joan

jende guztia begira

"Bera mutila izanda

gonarekin zer ari da?"

Pentsatzen jarri naiz gero

pasa denaren harira

gaur egun horrelakoak

gero ta gehiago dira

Etorriko bazinate

orain nagoen tokira

depresio sakonaren

ta tristuraren zingira

Munduan denak zertxobait

helduagoak balira

ez zidaten barre egingo

gehiagotan aurpegira.

 

Gauean tabernetara

ateratzekoa nintzen

denborarekin hasi naiz

parrandarako prestatzen

Arropa aukeratu dut

ta hasi naiz makilatzen

bitartean lagunekin 

hainbat kontu hitz egiten

Ispiluan begiratu

eta ez nintzen ikusten

hau ez baitzen gertatuko

ni mutila ez banintzen

Horrela ateratzea

jadanik ez naiz ausartzen

ikusi gaur gizarteak

noraino nauen beldurtzen.


                                                       

Hasiera beti izan da

prozesuetan zailena

segituan galdu nuen

nire lagun hoberena

Edozein arazorekin

niri laguntzen lehena

behar izan dudanean

nire babes izan dena

Egun batean berari

azaldu ondoren dena

urte luzeetan zehar

sufritu izan nuena

Baina bere erantzuna

izan da "a ze faena"

bere mespretxua izan da

espero nuen azkena. 

 

Urte askoren ostean

ustez amak defendatu

baina broma zelakoan

segituan zirikatu

Ezer gertatu bezala

berak hizketan jarraitu

ni bitartean ordea

negarrez naiz oheratu

Haurra nintzenean nola

izan nintzen gogoratu

gorputza kemenez bete

eta burua altxatu

Malkoak garbitu eta

pare bat maleta hartu

agur betirako ama

semeak zu maite zaitu.