A maila

JUNE AIESTARAN IPARRAGIRRE

A Maila Bertsoa 1. saria
Aupa! June Aiestaran Iparragirre nauzue, Txindoki institutuan lehenengo batxilergoa egiten ari den neska beasaindarra. 16 urte ditut, eta umetatik izan da bertsolaritza nire zaletasunetako bat. Bertso-sorta honekin, ikasle batzuk duela hilabete batzuk bizi behar izan genuena islatu nahi izan dut: gertaera baten ondorioz sentitutako haserrea eta lotsa. Zuen gustokoa izatea espero dut!
JUNE AIESTARAN IPARRAGIRRE

ESKOLAKO PARETAN

Doinua: Hamalau heriotzena

1.

Eskolako paretan 

zegoen dirdaitsu,

izenaren atzetik

margo beltzez “gay zu”.

Barreneko arnasa

bilakatu zait su;

beraz, orain inporta

ez baldin bazaizu

paretako_izen horri

zuzentzen natzaizu.

 

2.

Uste zuten menpean

har zintzaketela,

ta_aurpegia_eman duzu,

eurek ez bezela.

Nahiz ametsik gaitzena

egin zaizun gela,

niretik esan nahiko 

nizuke horrela:

indarraren eredu

bihurtu zarela.

 

3.

Behingoz itxi ditzagun 

kanpotik ateak,

kalte_egiten baitigu

barrutik jateak.

Hau egin dutenak hain

dira nazkanteak,

lotsa emateraino

errealitateak:

ikasle-talde honen

parte izateak.

 

4.

Erasotzaileari 

jarriz adiago, 

bere ahulguneaz 

jabetuta nago.

Nola ez ote gara

ohartu lehenago?

Zaurgarri_azaltzearen

beldurrez zeharo,

zure ausardiaren

inbiditan dago.

 

5.

Lotsagarriak dira

halako eszenak,

bromatik kanpokoak

baitira haienak.

Euren beldurrak dira

hona gakartenak,

kritikatu beharrak

diferenteenak,

pausoa ematera 

ausartu direnak.

 

6.

Halere, esperantza

pixka bat badet e!

Ez baikara biziko

munstro_horien menpe.

Erasotzaile denak

ondoan zaudete,

eta guk hitza hartzen

dugunean fuerte,

beldurrez, desagertu

egingo zarete.