A maila

AMETS ZURUTUZA ESKISABEL

A Maila Olerkia aipamen saria
Ni Amets Zurutuza naiz, 16 urteko Beasaindarra. Lazkaoko San Benito ikastolan ikasten dut, Batxilergoko lehen mailan. Nire zaletasunen artean bidaiatzea eta literatura aurkitzen dira.

EUSKARA

 

Gizakien lehen ahoek 

erditu zintuzten,

baso berdeen hats umelak

eman zizun ongietorria.

Oinutsik ibili izan zara 

haitz mendietan.

Kalatxoriak lagun izan dituzu

portuko kresalaren baladetan.

Urteetan zehar ibiliz

denboraren bidean, 

pauso arinez.

 

Mendeetan zehar 

arnastutako denborak,

kimutik adar

eta adarretik zuhaitz 

bilakatu zaitu.

Sustraietatik abiatutako 

hizkuntza zakarra, 

adar puntako lorea bezala

loratu den izana.

 

Ez da beti erraza izan 

bidean aurrera jarraitzea.

Ahotsa ito dizute

behin, eta berriz,

etengabean.

Izuaren eta etsipenaren 

atzean izkutatzera behartua,

itzalen artean bizirauten.

Lasai, badoa etsaia,

aske bidean zara 

zabaltzeko.

 

Joan dena

 joana, 

eta hemen dena 

hemen da.

Baina hemen dena

sortzeko geratzen da.

Mila gauza zara,

dena batean finkatuta:

hizkuntza, kultura

izana…

Baina zer zara,

ez bazara Euskara?