A maila

NAROA ARAMBURU AZPIAZU

A Maila Prosa 3. saria
Ni, Naroa Aramburu Azpiazu, 2005eko apirilaren 26an jaio nintzen, eta beasaindarra naiz. Txindoki institutuan bigarren batxilergoa egiten ari naiz, gizarte-zientziak arloan. Txikitatik izan dut idazteko zaletasuna, baita kirola eta dantza egitekoa ere. Hondartza eta mendia ditut gustuko eta batez ere lagunekin eta familiarekin planak egitea. Nire idazlana irakurtzen gozatzea espero dut!
NAROA ARAMBURU AZPIAZU

BORROKA GARRATZA

 

Hemen nabil, abuztuko egun lainotsu honetan Madrilgo “La Gran Vía” kalean barrena, hiriko jendearen ohiturek oraindik ere harriturik uzten nautela. Mom jeans eta oversize jertsea ditut soinean. Hala ere, ez da nahikoa ez; nire aurretik igarotzen diren guztiak nire hanka eta beso hezurtsuei begira ari direla sentitzen dut. Egun haizetsua da, zuhaitzetako hosto berdeak ez dira gelditzen, milaka dantza egiten dituzte kaleak alaitzen dituztelarik. Gorroto ditut, ordea, egun haizetsuak, jendeak haizeak eramango nauela pentsatzen duela iruditzen baitzait; haien pentsamendua entzun dezaket ia-ia. 

Miren naiz, Basaurikoa izatez, baina duela hiru hilabete inguru etorri nintzen hiri honetara modelo izaten jarraitzeko asmoz. Txiki-txikitatik esan izan zidaten horretarako jaioa nintzela, gustuko nuela sinestarazi zidaten arte. Ez dakit, ordea, hori horrela den. Hamaika arazo ekarri dizkit horrek bizitza osoan zehar; 21 urte ditut eta bi aldiz diagnostikatu didate anorexia jada. 14 urte besterik ez nituela hasi zen lehenengoa… Nire argazki bat bidali zuten aldizkari baterako, eta deitu egin ninduten, bost kilo argalduz gero haien programarako perfektua izango nintzela esanez. Pozik jarri nintzen hasiera batean, ez bainuen uste zaila izango zenik. Ez nuen aurrerago gertatuko zenaren ideiarik ere, ordea. Erabat obsesionatu nintzen pisua galtzearekin, eta okerrena gainerakoek ere animatu egiten nindutela izan zen, izugarrizko lan arrakastatsua izango bainuen horrela. Beno, egia esan, ez dut esperientzia hura ondo gogoratzen. Medikuak dio nire burmuinak gertaera gehienak ezabatu zituela nire gaur egungo burua babesteko-edo. Beraz, gurasoek kontatu zidaten gutxi hori dakit soilik. 

Haiek diotenez, geroz eta gutxiago jaten hasi nintzen, egunean platano bat besterik ez jatera iritsi nintzen arte. Orduan ohartu ziren gurasoak arrisku handia hartzen ari nintzela, eta jatera behartzen ninduten. Hala ere, beranduegi zen, nik ezin nuen ez gantzik eta ez proteinarik sartu nire gorputzean, ispiluan balea bat ikusiko nuen bestela. Bitartean, gainera, modako agentzia ezberdinek deitzen ninduten haiekin lan egin nezan. Ondorioz, nik ondo jokatzen ari nintzela uste nuen. Bost hilabete inguruz izan nintzen zenbait proiekturen protagonista eta modelo nagusia, baina, egun batean, bulegora iritsi nintzenean, jabeak zenbait kilo gehiago behar nituela esan zidan. Uste dut zorabiatu eta lurrera erori nintzela. 

Nire osasunerako txarra zela onartu nuenean, lana utzi eta ikasketetan zentratu nintzen. Ikasturte hura ez nuen amaitu, nire gorputza ahulegia zegoen eta, eta hurrengo udaren ondoren hasi nintzen berriro ere lagunekin eskolara joaten. Pare bat urtez lasai bizi izan nintzen, ez nuen modari buruz edota pisua galtzeko dietei buruz ezer jakin nahi eta osasuntsu nengoen. Bake hark ez zuen askoz gehiago iraun, ordea. 

17 urte nituen. Bigarren batxilergoa ari nintzen ikasten, zientzietakoa. Nire egunak ondorengoetara mugatzen ziren: jaiki, eskolara joan, etxean bazkaldu eta etxeko lanak egin, azterketetarako ikasi eta afaldu ondoren, lotara joan. Larunbatak ziren nire egun gustukoenak. Goizez ikasi egiten nuen, arratsaldez atseden hartu, eta gaua iristean, parranda. Izugarri gustatzen zitzaidan lagunekin tabernetan musikaren erritmoan dantza egitea, ikusezinak bagina bezala, soinuaren uhinetan geure burua galduz.

Martxoko larunbat arratsalde batean, garai hartan ohitura nuen moduan ilea orrazten eta aurpegia margotzen nenbilen lagunengana joan aurretik, musika jarrita nuela eta dantzan ari nintzela. Janzteko ordua iritsi zenean, armairura hurbildu nintzen, eta zer jantzi aukeratu ezinean nenbilela, galtza beltz estu batzuk atera nituen. Akats larria neurea. Praka horiek nire gustukoenak izandakoak ziren, baina duela zenbait urte, eta aspaldi ez nituela probatzen. Hanka bakarra sartu nuen orduko ohartu nintzen galtza horiek ez zitzaizkidala sartuko, eta beldur eta ezinegon sentimendu batek inbaditu ninduen. Gau hartan ez nintzen festara joan, etxean geratu nintzen begirik bildu ezinda.

Handik aurrera gertatu zenak ez du azalpenik behar, imagina dezakezue dagoeneko; jateari utzi nion, ez nintzen kalera ateratzen eta Batxilergoa utzi nuen. 14 urte nituenean bezalaxe, zenbait agentziatatik deitu ninduten, eta haientzat lanean hasi nintzen berriro. Garai hartan, gainera, Interneten azkarrago argaltzeko moduen bila nenbilela, erretzeak lagundu egiten zuela irakurri nuen; beraz, goiz batean hiru pakete zigarro erosi nituen. Hemen nago orain, Pull and Bear dendaren aurrean hiritarrei begira zigarro bat erretzen, garai hura burutik atera ezin dudala.

Orain sendatuta nagoela esango nuke, baina ez dakit, anorexiak ez du biktima inoiz bakean uzten eta. Egunean hiru jatordu egiten ditut eta astean lau orduz egiten dut kirola. Duela 20 minutu atera naiz kiroldegitik eta 40 minutu ditut lanera sartu aurretik. Bitartean, nire etxebizitzara joango naiz gaurko argazki-saiorako behar dudan outfit-aren bila. 

Horiek guztiak hartu orduko metrora bidean noala, mezu bat jaso dut. Nire ahizparena da, ea noiz deitu diezadakeen galdezka, nirekin hitz egin behar duela eta. Ez dut pentsatu ezer larria izango denik, baina bidean nindoala deitu diot. Nire ahizpa ni baino hiru urte zaharragoa da, eta beti izan da gehien lagundu nauena, baita anorexiaren kontuarekin ere. Denetik egin zuen ni senda nendin, eta 17 urterekin erretzeari ekin nionean ere, gainerako guztiek egin zuten moduan gaitzetsi ordez, bera ere erretzen hasi zen.“Biok batera egingo diogu aurre gaitz honi” esan zidan. 

Ez naiz konturatu telefonoaren bestaldean hitz egiten ari zitzaidala pentsamendu haietan galdurik nengoelako. “Miren, hor al zaude?”, “Ai, bai bai, hemen nago Nagore, zer moduz?”.  Bost bat minutuz egon gara berriketan, bere Erromarako bidaiaz hitz egiten batez ere, baina segituan zera esan dit, albiste bat duela niri esateko, baina ez duela nahi nire lanean eraginik izaterik, eta beraz, lanetik atera orduko deituko didala. Harriturik geratu naiz, baina lasai egoteko esan didanez, agurtu eta lanerantz abiatu naiz nire hanka argalek neure gorputzari noiz arte eutsi ahal izango dioten neure buruari galdetzen diodala. 

Berrogeita bost minutu inguru iraun du eguneko aldizkarirako atera behar genituen argazkien saioak, eta amaitu eta argazki gustukoenak aukeratu ondoren, argazkilariarekin pare bat minutuko hitzordua izan dut. Oso atsegina da Julian, bera da hemen egin dudan lagun bakarra, eta edozeri buruz mintza gaitezkeela sentitzen dut. Nire gurasoek ere ezagutzen dute, eta harreman ona mantentzen dute telefonoz. Bulegotik ateratzera nindoala, sentitzen duela esan dit, eta nik zeri buruz ari zen ez nekiela, irribarre txiki eta dudati bat egin eta atea itxi dut. 

“Korrika egitera atera nintzenean arnasa hartzea izugarri kostatzen zitzaidala ohartu nintzen aurreko astelehenean. Hoztu egingo nintzela-edo pentsatu nuen eta ez nion garrantzi handiegirik eman, baina ostegunean, sofan etzanda nengoenean, arnasestuka hasi nintzen bat-batean, eta Mikelek ospitalera eraman ninduen ziztu bizian”. Ni berriro ere aurreko banku berean nago eserita piztu berri dudan zigarroa erretzen, berari arreta handiz entzuten diodan bitartean. “Medikuek froga eta galdera mordoa egin dizkidate, ea erretzailea naizen haien artean, eta biriketako minbizia dudala esan didate. Lasai egoteko, tratamendua duela, eta erretzeari uzteko lehenbailehen, hori izan baita gaixotasunaren sorburua”. Niri mundua lurrera erori zait zigarroarekin batera. Gorrotoz zapaldu dut kartoizko traste nazkagarri hori, eta soinean nuen kaxa ere bota dut zakarrontzira malkoek ikusmena oztopatzen didaten bitartean. “Miren, hor al zaude?”, ez dut hitz egin nahi, ez diot erantzun nahi. “Ez zara errudun, Miren”. Bai, banaiz, Nagore, banaiz. Ez da bidezkoa, ez. Nire erruz hasi zen erretzen nire ahizpa, niri gaixotasunarekin laguntzeko, maitasunez egin zuen ekintza izan zen, eta hau da ordainean jaso duen saria. Medikuak sendatzeko indarra hartzea ezinbestekoa dela esan dio, bitamina eta proteina ugari behar dituela eta egunean gutxienez bost otordu egiteko. Orduan erabaki dut: lana utzi eta Basaurira itzuliko naiz. Ahizpa kimioterapiarekin hasten denean ilea moztuko dut bere antzera, eta berarekin batera jango dut behar duen guztia. Gogorra izango da biontzat, baina ez ezinezkoa, eta berak niregatik hartu zuen arriskuaren ondorioz, nik ere jateko esfortzu izugarri hau egin behar dut. “Biok batera egingo diogu aurre gaitz honi”, esan diot. 

 

*********************************************************************

 

Urtebete igaro da jada egun hartatik. Ospitalean gaude, Mikel (bere mutil laguna) eta biok itxarongelan, Nagorek kimioterapiako azken sesioa jasotzen duen bitartean albiste onen bat jasotzeko zain. Itxarongelara sartu da, malkoak isuri ditu eta aurpegi guztia busti-busti eginda du. “Lortu dut”, niri begiratu eta “lortu dugu”.