Irisgarritasun-tresnak

Skip to main content
Bestelakoak

Udalak etxebizitzaren diagnostiko zehatza eta hutsik daudenak mobilizatzeko neurriak ezagutarazi ditu

2025/05/07

Azterlanak 252 etxebizitza huts identifikatu ditu udalerrian, etxebizitza-parkearen % 3,8, Europako estandarren arabera arrazoizko stock-teknikoaren barruan

Etxebizitza hutsak mobilizatzeko proposatutako neurrien artean, etxebizitza hutsen jabeei alokairua sustatzeko programen berri ematea eta birgaitze laguntzen informazioa indartzea aurkitzen dira

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Behatokiak argitaratu berri duen txostenak Beasainek gune tentsionatu izendatzeko baldintzak ez dituela betetzen jasotzen du

Udalak Beasaingo Etxebizitzaren Egoeraren Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu ditu, egoera zein den aztertzeko, etxebizitza hutsei arreta berezia eskainiz. Txostena etxebizitza-eskubidea bermatzeko udal-politiken testuinguruan kokatzen da, eta udalak gardentasunarekin eta etxebizitza-arloaren plangintza estrategikoarekin duen konpromisoari erantzuten dio. Iaz eskatutako azterlana, IKEI enpresak egina da eta apirilean aurkeztu zuen Lurraldea Batzordean udal talde guztiei.

Diagnostikoa etxebizitza-parkearen erabilera optimizatzeko eta arrazoizko alokairu eskaerari erantzuteko premian kokatzen da, bereziki gazteen eta pertsona bakarreko familien artean, etxebizitza babestuaren eskatzaileen % 55,4 baitira. Txostenaren datuen arabera, 2024an 294 beasaindarrek eskatu dute etxebizitza babestua Beasainen eta horietatik % 78,2 alokairuko etxebizitzaren bila ari dira.

Gainera, alokairuaren batez besteko prezioa (639.4 €/ hilean) eta erosketarena (2.345 €/ m²) Gipuzkoako beste udalerri batzuetakoa baino txikiagoa, eta horrek presio moderatua erakusten du etxebizitzen merkatuan.

Etxebizitza hutsei buruzko funtsezko datuak

Errolda eta kontsumoen (ura eta elektrizitatea) azterketa gurutzatuari esker, 252 etxebizitza huts identifikatu dira hirigunean (guztizkoaren % 3,8), hutsik egoteko irizpideak betetzen baitituzte, 149/2021 Dekretuaren arabera (kontsumo eza edo ezohiko baxuak). Etxebizitza horiek honela banatzen dira:

- % 39,7 Alde Zaharrean (100 etxebizitza).

- % 26.6 Zabalkundean (67 etxebizitza).

- Etxebizitza hutsen gehiengoak 45 urte inguruko aintzinatasuna du eta horrek birgaitzeko aukerak iradokitzen ditu.

Udalak azpimarratu duenez, etxebizitza hutsen ehunekoa Europako "arrazoizko stock teknikoaren" barruan sartzen bada ere ( % 3-%5), etxebizitza horiek mobilizatzeko eta alokairu sozialera bideratzeko neurriak bultzatuko ditu. 

Halaber, etxebizitza azterketak hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko hainbat gomendio egin ditu, etxebizitza hutsen jabeei alokairua sustatzeko programen berri ematea eta birgaitzeko laguntzen informazioa indartzea. Edozein kasutan, Udal Gobernuak proposamenak aztertu eta osatu egingo ditu datozen hilabeteetan esku-hartze zabalagoak aurrera eramateko.

Beasain eremu ez tentsionatua

Beasaingo Udalak aurkezturiko dokumentu honek, denboran bat egin du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Behatokiaren azken azterlanarekin. Azken honetan, Beasain gune tentsionatu izendatzeko baldintzak ez direla ematen jakinarazten da. Horrela, udalaren txostenean aurreikusten ziren gune tentsionatu bilakatzeko baldintzak ez dira bete.

Eusko Jaurlaritzaren txostenaren arabera, hiru dira gune-tentsionatu izendatu ahal izateko irizpide nagusiak: 2018-2023 artean, alokairuen errenta %19,6-tik gora igo izana (Beasainen %19,1 igo da), salerosketa prezioa %22,4-tik gora igo izana (Beasainen %5,2 igo da) eta etxebizitzaren hipoteka edo alokairuaren gastua familiaren diru-sarreren %30 baino handiagoa izatea (Beasainen %23,9). Beasainen kasuan ez dira bete irizpide horiek. 

Etxebizitza eskuragarria izateko konpromisoa

Udalak etxebizitza duina eta eskuragarria lortzeko aukera bermatzean oinarritutako etxebizitza-politikaren aldeko apustua berretsi du, etxebizitza babestua, alokairu soziala eta gazteria eta kolektibo zaurgarrientzako laguntzak sustatuz. Hiri-plangintza jasangarria, etxebizitzen birgaitzea eta euskal erakundeekin lankidetza lehenetsiz, espekulazioa saihesteko.

Diagnostiko honek etxebizitza hutsak, etxe bat lortzeko aukera izateko zehaztasunez jokatzeko aukera ematen du, Beasainen etxebizitza eskuratzeko aukera hobetzeko, arreta berezia jarriz higiezinen parkea optimizatzeko eta arrazoizko alokairua sustatzeko.