Udalak, ekitaldiak antolatu ditu maiatzaren 17ko LGTBIQ fobiaren aurkako nazioarteko egunaren inguruan 

Ongizatea eremu eta kolektibo guztietara zabalduz, genero aniztasunaren egungo errealitateari erreparatzea ere udal gobernuaren ardura bada. Hori horrela LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak aldarrikatzearen alde egiten du. Osasunaren Mundu Erakundearen Batzar Orokorrak homosexualitatea buruko gaixotasunen zerrendatik ezabatu zuen 1990eko maiatzaren 17an. Hala, egun maiatzaren 17a, LGTBIQ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da aipatutako lorpenagatik. Helburu orokorra, pertsona LGTBIQ+ kolektiboak sufritzen duten diskriminazioa salatzea eta haren eskubideak aldarrikatzea da.

Aldarrikapen honekin bat eginez, Beasaingo Udalak bi ekintza berezi antolatu ditu aurten. Batetik, maiatzaren 12an, Usurbe Antzokian, arratsaldeko 20.30tan Kanpora Sartzen antzezlana.

Umorezko antzezpen gordina

Xabin Fernandez eta Intza Alkain antzezleek, Aitziber Garmendiaren zuzendaritzapean, GIBa birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan nola eragin duen antzeztuko dute. Kanpora sartzen ikuskizuna sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duen lehen pertsonan idatzitako istorioa da.

2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabin eta birusaren arteko harremanaz hitz egiteko garaia iritsi da. Lan honetan bere elkarbizitzaren lekuko izango gara, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuko ditugu. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, errua, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan?

Sexu aniztasunaren inguruko laburmetraiak

Bestetik, maiatzaren 17an Zinegoakek antolatutako laburmetraiak izango dira ikusgai Usurbe Antzokian arratsaldeko 18.30tan. Zinegoak 2004an sortu zen kulturaren, zinemaren eta arte eszenikoen bidez sexu aniztasunaren inguruan sentsibilizazioa lantzeko asmoz, eta 20 urteko ibilbidean zehar, Zinegoak erreferentzia bihurtu da LGTBIQ+ gaiko ekitaldi zinematografiko eta eszenikoen artean, eta edizio bakoitzean bere publikoa handitu da.

Beasaingo Udalak bi ekitaldi hauetara etortzeko gonbidapena egiten du.Bestetik, jakinarazi Udalaren webgunean, Beasain Parekide atalean, eskuragarri daudela LGTBIQ+ kolektiboaren inguruan lanketa egiten laguntzeko hainbat baliabide: informazioa, liburuak, filmak, komikiak, etab. Baita Beasaingo bibliotekan topatu daitezken hainbat liburuekin batera osatutako irakurketa gida, herrian dauden irakurle taldeei zein norbanakokoei irakurketak aukeratzen laguntzeko.