Bi hilabeteko epea zabalik dago dokumentuari iradokizun eta alternatibak aurkeztu ahal izateko

Beasaingo Udalak Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (H.A.P.O.) idazteko prozesuarekin aurrera jarraitzen du, etorkizuneko Beasain hurrengo urteetan nola garatuko den marraztuko duen dokumentua. Lehen fasea herritarrekin batera osatu zen parte hartze prozesu bitartez eta orain haren ondotik Plan Orokorra idaztea ahalbidetuko duten irizpideak eta helburuak zehaztea eta hirigintza-antolamenduaren aukera eta bideragarriak diren proposamenak aztertu eta hautaketa egin behar da.

Hori horrela, plangintzaren aurrerakinaren dokumentua eskuartean izanik, jendaurreko erakustaldian jarri da herritarrek nahi dituzten iradokizunak eta proposamenak egin ditzaten. Legearen arabera, Beasaingo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakina, “Hasierako Agiri Estrategikoarekin” batera jendaurrean jarri da. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) urtarrilaren 17an argitaratu da eta bi hilabeteko epea zabalik dago dokumentuari iradokizun eta alternatibak aurkeztu ahal izateko. Horretarako edonork jo dezake Beasaingo Udalaren herritarren harrera bulegora (Igunea).

Plan Orokorra

Gaur egun indarrean dauden Arau Subsidiarioak ordezkatuko dituen hirigintza plan bat da eta Beasaingo garapena diseinatzeko helburua izango du.

Beasaingo udalerri osoan dagoen lurzoruaren erabilpena, haren balizko eraldaketa eta eraikuntza, nahiz eraikin eta instalazioen erabilera, kontserbazioa eta birgaitzea arautzeko izango da. Beasaindarren iritziak berebiziko garrantzia du. Inork ez luke kanpoan geratu behar Plan Orokorraren egikaritze prozesuan, eta ongi etorriak izango dira edonolako ideiak eta ekarpenak. Erabaki hauek hartuko dira besteak beste, trenbidearen zabalgunearekin zer egin, edota ekipamenduak, etxe berriak, parkeak, lantegiak eta abar non jarri.