Eskelak, TAOa ordaintzeko Mugipark zerbitzua eta Oharrak dira Beasain aplikazioan txertatu diren zerbitzu berriak

Martxoan Beasaingo Udalak estreinatu zuen telefono mugikorretarako aplikazio berria, herritarrekiko gertutasuna eta harremana erraztearren, eta zerbitzu interesgarrienak ukitu batekin eskuratzea du helburu nagusia

Herritarrei interesekoak zaizkien zerbitzuak eskaintzeko asmoz gehitu dira hiru atal berri telefono mugikorrentzako Beasain aplikazioan. Hain zuzen ere Eskelak, Mugipark TAO eremuko ordainketak egiteko zerbitzua, eta Oharrak dira aipatutako atalak.

Eskelen atalean azken heriotzen berri jakin ahal izango du aplikazioaren erabiltzaileak zuzenean ehorztetxe zerbitzuarekin duen loturari esker. Mugipark zerbitzuarekin aldiz  udalerriko aparkalekuetan ezarrita dagoen TAO sistema ordaintzeko aukera eskaintzen da eta Oharrak atalean udalak alerta bidez bidalitako abisuak kontsultatu ahal izango dira.

Mugipark aplikazioa Beasaingoan barneratuta egonik orain, ez da beharrezkoa izango TAO zerbitzua ordaintzeko aplikazio hau aparte jaistea.

Hiru atal berri hauek orain arte zeudenei batzen dira; Albisteak, Agenda, Multimedia, Intzidentziak, Eragileak, Turismoa, Tramiteak, Parte-hartzea, Guardiako farmaziak , intereseko Telefonoak, Garraio zerbitzuak eta Eguraldia.

Udalaren lehentasun nagusietako bat herritarrekin harremana hobetuko duten tresnak eskura jartzea izan da. Gardentasuna, informazio zuzena, gertutasuna eta Udalarekin harremana erraztuko duten baliabideak eta ikutu batean herritarrentzat interes gehien pizten duten informazio eta zerbitzuak eskaintzeko xedea beteko dutenak.

Beasain aplikazioaren bidez, udalerriari buruzko informazio osoa modu erraz eta azkarrean jasotzen da. Aplikazioa udal webari hertsiki lotua dago eta informazio guztia bat batean jaso ahal da.

Erlazionatutako albisteak: Beasain App berria