Udalak herritarrekiko gertutasuna hobetzeko eta herritarrek Udalarekin eduki behar duten harremana errazteko helburua betetzera dator aurkeztu den aplikazio berria

Oinarrizko tramiteak egiteko aukera emateaz gain, herritarrei interes berezikoa zaien informazio garrantzitsuena eskainiko du Beasain aplikazioak

Legegintzaldi hasieratik Udalaren lehentasun nagusien artean herritarrekin harremana hobetuko duten tresnak hauen eskura jartzea izan da. Gardentasuna, informazio zuzena, gertutasuna eta Udalarekin harremana erraztuko duen Beasain aplikazio berria helburu hori betetzera dator, eta ikutu batean herritarrentzat interes gehien pizten duten informazio eta zerbitzuak eskaintzeko xedearekin sortu da.

Informazio gardena eta gertutasuna ardatz hartuta, aurkezpenean Xabier Matarranz kultur zinegotziak adierazi duenez, herritarrak udalerriari buruzko informazio osoa modu erraz eta azkarrean jasotzea da tresna berri honek dakarrena. Horrela, aplikazioa udal webari hertsiki lotua izango da eta albiste, ohar eta mota ezberdinetako berri guztiak bat batean jaso ahal izango dira mugikorrean alerta sistemaren bidez argitaratuak izan bezain pronto. Udalak herritarrei eskaintzen dizkien hainbat zerbitzu ere mugikorraren bitartez egin ahal izateko aukera ere sortu da.  

Informazioa eta zerbitzua eskaintzeko modu berritzailea

Beasain aplikazio berriaren xehetasunak, aplikazioa garatu duen ACV enpresaren ordezkariak Edurne Rubiok azaldu ditu. Erabiltzaileak alerta zerbitzua aktibatuz gero, udalak albiste edo berri bat argitara eman bezain pronto iritsiko zaio mugikorrera. Bestalde informazioari dagokionez, garrantzitsuenak esku esku izango dira; hala nola udal agenda, telefonoak, turismoa, herriko talde eta eragileak, garraioak, eguraldia eta farmaziak daude. Azken hau ohiko udal aplikazioetan berriena.

Erosotasuna ere bada aplikazioaren ezaugarri nagusietako bat. Herritarrak harreman zuzena izango du udalarekin aplikazioaren bidez. Inzidentzien atalean edozein herritarrak udalerrian aurki dezakeen azpiegituraren bateko egoeraren berri emanez udalari idatzi eta argazkia edo bideoa bidali dezake. Parte hartze atalean udalak momentu honetan abian dituen prozesuetan parte hartu ahal izango du eta Tramiteak atalean Igunera etorriz emandako klabearen bidez hainbat tramitazio egin ahal izango ditu (errolda, isunak ordaindu, tasa eta zergen agiriak kontsultatu eta abar).  

Azken batean Udalak, herritarrei eskaintzen dien tresna berri bat sortu du herritarrak eta pertsonak oro har helburu hartuta modu berritzaile eta informazioaren teknologia berriekin lotuta honen bidez gaur egungo erabiltzaileei Udalarekin harremanak errazteko. Aurretik udalaren webarekin, panel digitalekin, udal agendarekin eta udal aldizkariarekin gertatu bezala. App Store eta Google Play dago eskuragarri aplikazio berria.