Aurtengo irakurzaletasun kanpaina aurkeztu du Udalak “Ireki liburuak begiak irekitzeko” lelopean

Irakurle taldeei garrantzia emango zaie. Helduenak aro berri bat hasiko du

  pdf Egitarau (1.16 MB) oparo eta anitza antolatu du Beasaingo Udalak aurtengo irakurzaletasun kanpainaren baitan. Udal bibliotekaren eskutik, Beasaingo herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko kanpainak eskaintza zabala prestatu du jendea liburuak irekitzera erakartzeko. Iaztik kanpaina hau udazkenera ekarri da urriaren 24an Biblioteken eguna ospatzen dela aprobetxatuz. 

Udal bibliotekan egindako aurkezpenean, Mariola Pascual kultura zinegotzia eta Herritarren arloko buruak eta Rebeka Piñeiro bibliotekako arduradunak kanpainaren nondik norakoak azaldu dituzte egitarauarekin batera. 

Kanpainaren aurtengo leloa “Ireki liburuak begiak irekitzeko” izango da. Mariola Pascualek azaldu duen moduan “horixe baita, azken batean, egitasmo honen xede nagusia: literatura abiapuntu hartuta, gure gizartearen begirada lantzea eta zabaltzea. Beti ere berdintasuna eta parekidetasuna zehar-lerro gisa hartuta, haurrei, gazteei, helduei, familie eta hezitzaileei zuzendutako hainbat ekintza eta egitasmo antolatu dira Udal bibliotekak bultzatuta”. 

Kanpainaren helburu nagusiak 

Ildo beretik, Pascualek, kanpaina honekin bete nahi diren helburu nagusiak azpimarratu ditu. Lehenik eta behin, irakurzaletasuna sustatzea eta euskal kulturarekiko interesa piztea, banakako ekintza indibidual gisa, zein taldekoa. Irakurketaren bidez, askotariko bideak jorratu daitezkeela erakutsi: dibertitzeko, ikasteko, partekatzeko, eztabaidatzeko, hausnartzeko, berdintasunean hezteko, zalantzan jartzeko eta gozatzeko. Hori aprobetxatuz, Udal liburutegia ezagutaraztea eta bertako dinamika herritarren kultur beharretara egokitzea. Baita euskarazko literatura ezagutaraztea. Euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea eta zabaltzea. Eta nola ez, adin guztietako herritarrak kontuan hartzea.

Irakurle taldeen garrantzia

Jarraian Rebeka Piñeirok antolatu diren ekitaldien inguruko xehetasunak eman ditu. Osatu den egitaraua, irailaren 19 tik abenduaren 19ra luzatuko da eta guztira egitaraua osatzeko 19 ekitaldi antolatu dira, guztiak irakurzaletasuna bultzatzeko. Tartean izango dira ipuin kontaketak, erakusketak, solasaldiak, tailerrak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak, antzerkiak, mahai inguruak eta irakurle taldeen saioak. Guztiak adin eta era guztietako pertsonei zuzenduak. Egitasmo berrien artean, “Emozioen saltsa” helduentzako narrazio saioa, haur eta familientzako irakurketa kluba eta komikien inguruko erakusketa aurkitzen dira. Gai sozialak lantzeko aukera izango da, adibidez eta azaroaren 25aren inguruan emakumea eta euskal komikigintza. Baita emozioak nola kudeatu, ingurumena zaintzearen garrantzia, nola jokatu hainbat indarkeria motaren aurrean, haurtzaroan gertatzen diren abusu sexualak nola landu (Lola bizikleta ipuinaren egileak berak emango die prestakuntza hezitzaileei). 

Irakurle taldeei presentzia eta garrantzia ere emango zaie, izan ere, aurten inoiz baino irakurle talde gehiago izango dira martxan: alde batetik, 3-5 urteko  haurren irakurketa kluba sortu da haur eta familientzat. Hilean behin bilduko dira, haur liburutegian. Haurrek eta gurasoek elkarrekin gozatzeko unea izango da, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin. 

Helduen irakurle taldeak aro berria

Bestetik, helduon ohiko  irakurle taldeak aro berri bat hasiko du. Berrikuntzen artean, taldearen kokapena, eguna eta ordua. Oraingoan, urritik ekainera arte, hilean behin, asteazken batean, udal liburutegian bilduko dira eta dinamizatzaile berri baten gidaritzapean arituko dira, Aintzane Usandizaga idazlea. 

Arte eta kultura espazio ezberdinetan aritu da kudeaketa zein bitartekaritza lanetan Aintzane. 2019an Kabitu ezina argitaratu zuen, literatur arloko bere lehen lana, eta urte bereko Etxepare Saria eskuratu zuen, Etxe honetan (Pamiela, 2019) Asier Iturralde Gonzalez de Alaiza Gaston ilustratzailearekin batera egindako albumari esker. Aurten, “Zomorrotu” liburua ere  argitaratu du, nobela eta ipuin bildumaren arteko egitura interesgarri batekin. Egitarauan lehenengo 3 saioak bakarrik txertatu diren arren, aurretik esan bezala, ekimenak urritik ekainera bitarte iraungo du.

Bestalde, beste irakurle taldeek bere martxan jarraituko dute; Asmubeko irakurle taldea, EPAko irakurle taldea eta iaz sortutako Urbiberri gizarte egoitzako irakurle taldea.

Amaitzeko Mariola Pascualek, kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak ekintza guztiak doan direla gogoratuz. Egitarauaren eskuorria etxe guztietara banatu da eta hainbat ekintzetarako beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea (eskuorrian * dutenak).

irkanpjpg