Estatu Batuetatik euskal diasporako 16-25 urte arteko gazteak etxean hartuko dituzten familiak behar dira

Hiru asteko egonaldia izango da, ekainaren 22tik uztailaren 14ra. Astebitartean lotarako eta asteburuetan familiekin egotea dira betekizunak  

Ekimen honen inguruko informazio osoa apirilaren 29an, 19:00etan Igartzako jauregian egingo den bileran emango da

Estatu Batuetako euskal diasporako gazteak hiru asteko egonaldia egitera etorriko dira aurten ere Goierrira udan. 16 eta 25 urteko gazteak izango dira, eta goierri zein Beasaingo familietan egingo dute lo. Aurten 53k eman dute izena, eta orain, etxean gazte hauek hartuko dituzten familiak behar dira.

Euskal diasporarekin zubiak eratu

Aukera berriez jositako edizio honen helburuak argiak dira: familien eta euskal jatorria duten gazteen arteko loturak sortu, sendotu eta bizitza guztirako zubiak eratu. Horregatik, Beasaingo eta Goierriko hainbat udalerritako familiei deialdia zabaldu nahi zaie euskal estatubatuar gazte bat etxean hiru astetarako hartzeko. Euskal Diasporako gazteekin harremanak sortzeko aukera paregabea da etxekoenztat, ahaztuko ez duten esperientzia bizitzeko.

Gazteak hiru astetan egongo dira familien etxeetan lotan; astelehenetik ostiralera, goizetan euskara eskolak izango dituzte Maizpiden, eta arratsaldetan, etxeko gazteekin tailerrak antolatuko ditugu. Asteburuak libre geratuko dira familia bakoitzak bere planak gaztearekin egiteko. Ia gazte denek dute euskal arbasoren bat; horregatik, askorentzat lehen aldia izanik, ilusio handiarekin etortzen dira, euskara ikasteko eta kulturan murgiltzeko gogoz. Gainera, etxeko gazteek ere ingelesa praktikatzeko aukera izango dute. Ekainaren 22an hasi eta uztailaren 14ra arte luzatuko da aurtengo hiru asteko edizioa.

Aipatu beharra dago deialdia ez dela soilik gazteak etxean dituzten familiei luzatzen; orotariko familiak bilatzen dira, esperientzia bizi nahi duten guztiak gonbidatzen dira. Bestetik, ez da soilik Goierriko familientzako deialdia, ondoko herrietara ere zabaltzen da proposamena.

Informazio bilera

Horregatik, informazioa helarazteko aurkezpen bat antolatu da datorren astelehena, apirilak 29, arratsaldeko 19:00etan Beasaingo Igartzako jauregian. Jakin, aurreko urteko familiak hurbilduko direla beraien esperientzia kontatzeko eta sor litezken zalantzak argitzeko.

Goierriko Udalen, Gipuzkoako eta Bizkaiko Diputazioen, Nafarroako Gobernuaren, NABOren (North American Basque Organizations), Eusko Jaurlaritzaren, Goiekiren eta Maizpideren babesarekin, Batzen elkartea da proiektuaren sortzailea. Beasain eta Goierri euskal diasporan txertatu behar dira.

Izena emateko webgunea: https://www.ateakireki.eus/

Kontaktua: Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.