Seaska haur-eskolaren atzean dagoen guneak ikastolako lehen andereñoa izan zenaren izena eramango du udalbatza osoak aho batez erabakita eta igandean inauguratuko da hori adieraziko duen plaka

EUDEL eta Izenperekin elkarlanerako proposatu diren hitzarmenak eta 2018rako Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak proposatutako tarifen igoera onartu dira besteak beste

Karobi kalearen ondoan, Seaska haur-eskolaren atzean dagoen parkeak  ikastolak izandako lehen andereñoaren izena hartuko du. Igandean, eguerdiko 12:00etan, parke honi Ixabel Olano Segurola plaza  izendapena emango dion plakaren inaugurazio ekitaldia burutuko da. Berdintasun irizpideak jarraituz, izen ofizialik ez duten guneak izendatzeari ekin dio Udalak eta horiek horrela, aipatu eremu publikoari herriko emakume, andereño eta Beasainen euskararen sustatzaile nagusienetako bat izan den herritar ezagunaren izena jartzea proposatu du Udal gobernuak. Proposamena aho batez onartu da udalbatzaren osoko bilkuran.  

P1070407

Bestalde, gaurko osoko bilkuran, EUDELekin udal funtzionamenduaren hobekuntza helburu duen elkarlanerako hitzarmenari onespena eman zaio aho batez. Udal gobernuak proposatutako hitzarmen honi esker, Beasaingo Udalak eskaintzen duen zerbitzuen kalitatea neurtzeko Europako esparrutik datorren proiektu batean parte hartuko du, administrazio mailan Beasainek dituen gabeziak eta hobekuntzak atzemateko. Honela, Beasaingo Udalak gobernantzaren alorrean Europar batzordeak diseinatutako bikaintasuneko zigilu europarra (ELOGE) ezartzeko lan talde batean (esperientzia pilotua) parte hartuko du.

Administrazioaren modernizazioan aurrerapausoak emateko eta Udalaren eta herritarren arteko harremanak errazteko helburuarekin, IZENPEREKIN (Ziurtapen eta zerbitzuen enpresa) lankidetza hitzarmena sinatzea onartu da. Honela, herritarrek sinadura elektronikoaren bitartez hainbat tramitazio modu digitalean egiteko aukera izango dute.  

Honetaz gain, taxi zerbitzuaren 2018ko tarifak onartu dira alderdi sozialistako bi zinegotzien abstentzioarekin. AGITAX, Gipuzkoako Taxilarien Elkarteak (herrialdeko Udalerri guztietan egin duen bezala) Goiekiren bidez egindako proposamenari jarraiki, prezioak %1,6 igoko dira.