Azken urteko KPIaren igoerari erantzuten dio eguneraketak

Zerbitzuaren kostuari erantzuteko, zabor tasak %8ko igoera izango dute

Eraginkorrak diren konbustioko ibilgailu berriei %25 eta %40 arteko hobariak ezarriko zaizkie isurtzen dituzten C02 partikula kopuruaren arabera

Udal tasak egungo egoerara egokitzeko proposamena onartu da urriko udalbatzaren osoko bilkuran. Hiru urte hauetan, pandemia tarteko, EAEko KPIa (Kontsumorako Prezioen Indizea) %15,5 igo bada, azken urtean 2022ko abuztutik 2023ko abuztura izandako %2,7ko igoera ezartzea erabaki da 2024rako. Zerga eta tasetan eragina izango duen igoera orokorra da. Tasa berriak ere sortu dira hirigintza kontsultak, lokal eta etxebizitzen segregazioak eta txakur arriskutsuen lizentziak izapidetzeagatik.

Zabor tasari dagokionez, 2020tik igoerarik izan gabe aurkitzen zen hau ere. Legez, zaborren tasak zerbitzu baten truke ordaintzen dira eta zerbitzu horren kostua estali behar dute. Hori horrela, %8ko igoera ezartzea erabaki da. Honela, zabor bilketa eta tratamenduaren kostuaren %97 estaltzera iritsiko da. 

Tasen Hobariak

Hobarie dagokionez, trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zergan, ondorengo hobari berria ezartzea erabaki zen; %25eko hobaria kilometroko 120 gramo CO2 baina gutxiago isurtzen duten matrikulatu berri dauden gasolina edo diesel erregaidun ibilgailuentzat, eta %40eko hobaria kilometroko 110 gramo gramo CO2 baino gutxiago isurtzen dutenei. Hobaria 4 urtez emango da, betiere, ibilgailuaren lehenengo matrikulaziotik zenbatuta.

Bestalde, eta egoera zaurgarrian aurkitzen diren herritarrei zuzenduta, oinarrizko zerbitzuen kasuan, Gizarte Larrialdietarako Laguntzez gain, udalak zabor eta ur tasei zuzendutako dirulaguntzak eskatzeko aukera gogorarazten du. 

Udal gobernuak egindako proposamena aurrera atera da EAJren (9) aldeko botuekin eta EHBildu (5), PSE (2) eta Elkarrekin Podemosen (1) aurkako botuekin. 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eragina izango duten Ordenantza Fiskalen aldaketei. 30 egunez jendaurrean jarriko da erreklamazioak aurkeztu ahal izateko. Erreklamaziorik aurkezten ez bada, behin betiko onartutzat emango dira.

Larunbateko azokan kontsumoa sustatzeko bonuak

Hilabeteko lehen larunbatean San Martin plaza azpian burutzen den azoka bereziak sei urte bete ditu eta Udalak egonkortu den egitasmo honi babesa eskaintzen jarraitu nahi du. Helburu honekin, udal gobernuak azokan kontsumitzeko bonuen proposamena eraman zuen osoko bilkurara. 20 euroko bonuak izango dira eta erdia, Udalak finantzatuko du. Bonu hauek ekimenera atxikitzen diren azoka postuetan erabili ahal izango dira eta pertsona bakoitzak gehienez ere bi bonu erosi ahalko ditu. Proposamena alderdi guztien aldeko botuekin onartu zen.

Osoko bilkurako beste gaiak

Urriari dagokion osoko bilkuran onartutako beste proposamenen artean aurkitzen dira taxi zerbitzuaren 2024ko tarifak onartzea (datorren urteari begira, %2,7ko igoera izango dute) eta dirulaguntzen arloan, Igartza Musika Beka emateko oinarriak. Biak onartu ziren aho batez.   

Mozioak

STOP Desahucios plataformak, Beasain, alokairu-merkatuaren prezio altuek tentsionatutako eremu izendatzea eta Estatuko etxebizitza-legeak ezartzen dituen mugak gauzatzeari buruzko mozioa aurkeztu zuen. EAJ abstenitu egin zen eta gainontzeko alderdiek alde bozkatu zuten. Honela bada, mozioa ez zen onartua izan. 

Epaitegiek euskeraren aurkako neurriak hartu izana salatzeko, Euskararen aldeko mozioa aurkeztu zuten EAJ eta EHBilduk. Onartua izan zen EAJ (9), EHBildu (5) eta Elkarrekin Podemosen (1) aldeko botuekin eta PSEren (2) aurkako botuekin.