Legealdiko  azken osoko bilkuran onartu da Alokabiderekin hitzarmen bidez Udalak hutsik dituen 3 etxebizitza premia gehien dutenen esku jartzea

Ura eta zabor tasen eta udal kiroldegiko tarifen arloan laguntzak emateko oinarriak ere onartu dira

Gobernu batzordean, Alkartasuna Lizeoko frontoia irisgarriagoa egin eta estalkia birgaitzeko lanak esleitu dira, baita Cita Alzheimer fundazioarekin hitzarmena berritu ere 

Legealdiaren amaiera honetan hauteskundeen aurreko udalbatzaren osoko azken bilkura burutu da. Gai zerrendan aurkitzen ziren gai aipagarrienen artean, etxebizitzarekin eta udal tasen inguruko gaiak aztertu dira. Etxebizitza beharraren gaiari lotuta, udal gobernuak egindako proposamena, Beasaingo Udalak jabetzan dituen hiru etxebizitzen erabilera, Alokabide S.A. Sozietate Publikoari lagatzea izan da, Udal Bizigune Programara zuzentzeko. 

Herritarrek, zehazkiago gazteek eta baliabide gutxi dituzten familiek, dauzkaten etxebizitza arazoei erantzun eraginkorra emateko helburuarekin egindako proposamena aurrera atera da EAJ-PNV (10) eta PSE alderdien (2) aldeko botuekin eta EHBilduren aurkako (5) botuekin. Etxebizitzen esleipena Alokabidek egiten du Bizigune programarako ezarritako baldintzak betetzen dituzten artean eta etxebizitza hauek  Beasainen gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin etengabean erroldatuta dauden herritarrei esleituko zaizkie. Interesdunak Alokabidera jo beharko dute informazio gehiago eskuratzeko. 

Udal tasei laguntzak

Beasaingo herritar talde behartsuenak gizarteratzea helburu, karga ekonomikoa murrizteko balioko duen laguntzen politika darama Beasaingo Udalak. Hartara, ohiko etxebizitzako uraren eta zaborraren udal-tasen edota Udal kiroldegia erabiltzeagatiko tarifen ordainketa ahalbidetzeko laguntzak emateko oinarriak onartu ditu udalbatzak. 

Dirulaguntzen kopuruari dagokionez, oinarrietan ezarritako baldintza ezberdinen arabera gastuaren %100, %75 edo % 50 jasotzeko aukera izango da. 

Udal kiroldegiko zerbitzuen erabiltzeagatiko tarifen arloko laguntzei dagokionez, gastuaren % 60 eta % 30 jaso ahal izango da oinarrietan ezarritako baldintzen arabera. Ekainetik irailera bitarteko tarifak baino ez dira diruz lagunduko. Laguntza hauen oinarrien bozketan EHBildu abstenitu egin da (5) eta EAJ (10) eta PSE alderdiek (2) alde bozkatu dute. 

Alkartasuna Lizeoan hobekuntza lanak 

Gobernu batzordean, Beasaingo Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkia eraberritu eta irisgarri egiteko obrak esleituak izan dira. Estalkiari dagokionez, honen geometria moldatuko da etorkizunean plaka fotovoltaikoak modu eraginkorrenean instalatu ahal daitezen. Bestetik, pertsona ororen irisgarritasuna bermatu dadin, Lizeoko eraikina eta frontoia lotuko dituen harrapala eraikiko da. Aldi berean, esku-hartzea, frontoian bigarren larrialdi irteera bat txertatzeko baliatuko da. Unebide obras y contratas, S.L.ri esleitzea erabaki du Gobernu batzordeak 587.384,90 euroko prezioan. Egikaritze epea 13 astekoa izango da eta obrak 2023ko ekainaren 5etik irailaren 4ra bitartean egin beharko dira. 

Bestalde Beasaingo Udala eta Cita Alzheimer Fundazioaren arteko hitzarmena berritzea onartu da. Beasaingo Udalak 2017az geroztik Stop-Alzheimer izeneko Estrategian parte hartu du. Erronka partekatua da, Cita-Alzheimer Fundazioak diseinatua. Gaixotasunari prebentzioaren bidetik, adinekoen bizi kalitatea hobetzeaz gain zahartze aktiboa sustatu eta gaixotasun honen eragina gutxitzeko. 

Horren bidez, udalerrian bi proiektu garatu dira: Goiz Alzheimer eta Goiz-Zaindu proiektuak. Proiektu horren aurkikuntzak eta emaitzak nazioko eta nazioarteko komunitate zientifikoan zabaldu dira, eta Gipuzkoa osoko beste herri batzuetara lekualdatu dira, Alzheimer gaixotasunak gizarte osoari eragiten dion mehatxuari aurre egiteko tokiko jarduera-eredu bat sortzen joateko helburuarekin. 

Honela bada, Cita Alzheimer Fundazioak udalerrian bi proiektu berri garatzea proposatu du, 2023 eta 2024. urteetan: Cita Go-On proiektua (60-85 urte pertsonei zuzendua, narriadura kognitiboa prebenitzeko eta zahartze osasungarria sustatzeko) eta Exercita proiektua (estimulazio kognitiboko programa integrala). Biak bizitza aktiboa eta partehartzailea sustatzeko, ohitura osasungarriak hartu eta zahartzaroa ahalik eta autonomoena eta osoena izateko.