Gazteez gain, mugikortasun urriko herritarrak izango dira laguntza hauen hartzaileak eta emantzipazioan pausoak emateko etxebizitza hutsak alokatzea erraztea dute helburu besteak beste 

Euskararen ezagutza eta erabilera areagotzea helburu duten laguntzen oinarriak ere onartu dira

Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkia berrituko da eta plaka fotoboltaikoak jarri ahal izateko prestatu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu Udalak. Hainbat kaleen asfaltaketa ere burutuko du 

18-35 urte bitarteko gazteek eta mugikortasun urria duten beasaindarrek etxebizitza alokatzeko erraztasunak izatea da Beasaingo Udalak azken osoko bilkuran onartu dituen dirulaguntzen helburua. Alokairuaren %20tik %50era arteko dirulaguntza lortu ahal izango da eta gehienez 100 € eta 250 €koak izango dira laguntzak. Aurkezten diren eskaerei erantzuteko adina diru jarriko du Udalak. Proposamena udal gobernuaren aldeko botoekin (EAJ) eta oposizioko taldeen abstentzioarekin (PSE-EHBildu) onartu da. 

Euskaltegietan euskara ikasten ari diren herritarrei dirulaguntzak 

Beasainen euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko dirulaguntzak onartu dira udal gobernua (EAJ) eta PSEren aldeko (12) eta EHBilduren aurkako (5) botuekin. Udalak 28.000 €tako zenbatekoa aurreikusi du 2023rako eta aurkeztutako eskabideen arabera zenbateko gehigarria ere onartu ahal izango da. Langabetuek, matrikularen %100a jasoko dute baldin eta gutxienez %90eko asistentzia betetzen badute. Gainerako ikasleek, %50 eta %75 arteko matrikula ordainduko dute eta gutxienez %85eko asistentzia bete beharko dute. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko urriaren 31ean amaituko da. 

Mantenu eta irisgarritasun lanak lizitatzea

Gobernu batzordeak, Alkartasuna Lizeoko frontoiaren estalkiaren eraberritzea eta irisgarritasun eta segurtasun baldintzak egokitzeko obrak egiteko lizitazioa ateratzea onartu du. Frontoiaren estalkia eraberritu ondoren, udal eraikinen autokontsumorako helburuak bete asmoz, energia berriztagarriak lortzeko udalak duen konpromisoari jarraiki, eguzki-plakak jartzeko prest utziko da. 

Udalerriko kale eta errepideetako berritze eta mantenu lanekin Udalak egiten duen jarraipenaren baitan, Gobernu batzordeak 2023ko bide asfaltaketa kanpainaren obren lizitatzea onartu du. Asfaltaketa lan hauekin herria beasaindarren beharretara egokitu nahi da. Horrela bada, herrian birgaitze premia duten eremuen azterketa egin ostean, lehentasunaren arabera aurten asfaltatuko diren kale-eremuak hauek izango dira: Gipuzkoa plaza, Igartza futbol zelaiko aparkalekua, Arantzazu kalea, Joan Iturralde kalea, Joan XXIII kalea. Garajeetara sartzeko espaloietan baldosak zaintzeko lan ugari egin behar direnez, baldosen ordez asfalto inprimatua jarriko da. 

Beste gaiak

Apirileko osoko bilkuran onartu diren bete gai batzuen artean honakoak aurkitzen dira: KZgunea zentroaren irekierak, erabilera eta aprobetxamendua arautzeko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea S.A. ren arteko lankidetza hitzarmena; Igartzako Monumentu Multzoko jauregia, errota, burdinola eta ermita kudeatzeko eta ustiatzeko kontratua luzatzea urte betez; 2023. urterako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak banatzeko udal irizpideak onartzea (EHBilduren abstentzioarekin) eta Beasaingo udalerriko kale batzuetan ibilgailuen aparkaleku arautua kontrolatzeari buruzko zerbitzuaren kontratua luzatzea.