Apirilaren 3an zabalduko da 2022ko errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik

Urtez urte geroz eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak Beasainen, Lazkaon eta Ordizian eta hiru udal ordezkariek euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzen jarraitzeko eta horretarako jarraibideak emateko egin dute agerraldia

Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina antolatu dute hamahirugarrenez Beasaingo, Ordiziako, eta Lazkaoko Udalek elkarlanean. 

Gipuzkoan, apirilaren 3an zabalduko da 2022ko errenta aitorpena egiteko eskaintzen diren aukeretan lehena eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik. 

Leire Artola Beasaingo alkateak, Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak eta Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak, Beasaingo Udalean egindako prentsa agerraldian eskaini dituzte gaur egun errenta aitorpena egiteko bideak eta xehetasunak. 2010az geroztik egiten den kanpaina da honakoa eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea da. 

Errenta aitorpena egiteko bideak eta datak

Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara pdf eskuorria (875 KB) :

  • Auto-likidazio proposamena. Apirilaren 3tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 13an hasi eta ekainaren 8an amaituko da. Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke. 
  • Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta aitorpena Internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek apirilaren 12tik ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten bada, euskaraz egiteko eska daiteke. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.

Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua goruntz

Azken 12 urteetan, 2009tik 2021era, Beasainen, Lazkaon eta Ordizian euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz  joan da: Beasainen %8,37tik %21,60ra, Lazkaon %15,52tik %31,27ra eta Ordizian %8,29tik %23,80ra igo da.

Hiru udal ordezkariek, euskararen aldeko ekimen hau egitera gonbidatu nahi dituzte herritarrak. Aukera badago euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin bada ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin daiteke. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatuz, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten zaiola nabarmendu dute hiru ordezkariek. 

Errenta aitorpena euskaraz 20230330jpg