Herrilab3B astea egingo da, kontziliazio erantzunkidearen garrantzia nabarmenduz eta orain arteko egitasmo esperimentalen balantzea eginez

Lau urteko ibilbidearen ondoren, Herrilab3B Kontziliazio Erantzunkide Laborategia orain arteko ibilbidearen balantzea egiten ari da eta, mugarri hori tarteko, Herrilab3B astea antolatu da Beasainen. Ikastetxe, saltoki eta erakundeek hainbat ekintza eta jardunaldi egingo dituzte datorren astean zehar, herritarrak kontziliazio erantzunkidean aurrera egiteraren garrantziaz jabearazi eta 2018tik hona jarritako mugarriei buruzko gogoeta egin asmoz.

Hala jakinarazi dute gaur goizean Herrilab3Bren talde eragileko kideek. Beasaingo alkateak, Leire Artolak, Asmube Emakumeen Elkarteak, Murumendi ikastetxeak, Goiekik, In Group eta CAF enpresek eta merkatarien ordezkaritza batek.

2019an aurkeztu zuten herritarren aurrean Herrilab proiektua. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean bultzatutako egitasmo honen bitartez, kontziliazio erantzunkidea hobetzeko esperimentazio laborategi da ordutik Beasain, herriko eragileen eta biztanleen inplikazioarekin. Guztiok elkarlanean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna era esanguratsu eta iraunkorrean sustatzeko ekintzak diseinatu, probatzea eta ezartzea du helburu. Esperientzia aitzindari honetatik eratorritako ezagutzak berdintasun eta kontziliazio politiketarako baliatuko dira, eta aldi berean, eredu izango dira lurraldeko beste udalerri eta eskualdeetan antzeko esperientziak garatzeko.

Leire Artola, Beasaingo alkatearen esanetan, “herriko eragileekin elkarlanean eta haiei esker, berdintasunerako oztopo diren joerak, estereotipoak eta ohiturak eraldatzeko ekintza praktiko eta positiboak” garatu dira. “Prozesu honetatik ateratako esperientziek duten balioa aztertu eta bidea egiten jarraitu behar dugu gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna lortze aldera. Heldu den astean Herrilab3B-rekin egindako bidearen gogoeta egingo dugu eta aurrerantzean egitear dagoenari begira jarri”, gehitu du.

Datorren astean zehar egingo diren ekintzei amaiera emateko, datorren ostiral goizeko (hilak 21) 10:00etan, ekitaldi instituzionala egingo da Igartzako jauregian. Bertan, laborategiaren testuinguruan martxan jarritako egitasmo esperimentalak aurkeztuko dira eta herritik kanpoko eragileekin partekatu, haien ekarpenak eta balorazioa lortzeko.  

Ikastetxeak

Kontziliazio erantzunkidearen garrantziaz sentsibilizatzeko aste honetan ikastetxeek ere parte hartuko dute. Horrela, datozen egunetan, Murumendi, Lizeo, La Salle eta Andramendiko ikasleek berdintasuna, hezkidetza eta kontzilizazio erantzunkidea izango dute hizpide ikasgeletan, Maite Arrese ipuin kontalariarekin egingo dituzten saioen bitartez. Gai horiez jabetzeko marrazkigintzari ere helduko diote eta, ondoren, marrazki horiek kalean jendaurrean erakusgai jarriko dira.

Bestalde, hilaren 19an 18.30ean Igartzan World kafe moduko dinamika bat antolatuko dute Igartzako jauregian, Kontziliazio erantzunkidean aurrera egiteko zer egin dezakegu? izenburupean. Helburua izango da elkarrekin eta modu informalean hitz egitea kontziliazio erantzukideari buruz eta berdintasunezko gizarte baterantz aurrera egiteko zer egin dezakegun hausnartzea. Haurrak zaintzeko zerbitzua eskainiko zaie, behar dutenei.

Merkataritza

Otsailean egindako proiektu esperimentalari jarraituz, datorren astean ere herriko hogei denda inguruk erabaki dute beren ordutegiak egokitu eta itxiera aurreratzea. Horrela, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko ordutegia 16:00etatik 19:00etara moldatuko dute ekimen honekin bat egiten duten saltokiek, Herrilab3B astearekin bat eginez. Ordutegiak arrazionalizatzeko esperientzia berri honekin, merkatariek euren beraien kontziliazio beharretan jarri nahi dute arreta eta bere ekarpena egin Beasain berdinzaleago bat lortzeko bidean.

Gogoan izan behar dugu beasaindarrek oso balorazio positiboa egin zutela saltokiek otsailean egin zuen ordutegi-arrazionalizazioaren esperientzia pilotua aitzindariaren inguruan –horrelako lehenengo egitasmoa izan zen Euskadin–. Hala ondorioztatzen da joan den hilean udalerriko kaleetan egindako inkestatik; izan ere, herritarren % 80k baino gehiagok uste zuen egokia dela itxierako ordu-tartea aurreratzen probatzea, eta hamar lagunetik bederatzi ados agertu ziren ekimena osorik edo zati batean hedatzeko –urte osoan, hilabete jakin batzuetan edo urteko egun batzuetan–.

Bestalde, datorren ostiralean, herriko dendariak Solsona eta Cardonako (Katalunia) Garapen Agentziako zuzendariarekin, Glòria Dominguezekin, lan jardunaldia egingo dute, gogoetak eta esperientziak partekatu asmoz. Izan ere, Lleidako herri horretako merkatariek ere ordutegiak arrazionalizatzeko ekimen aitzindari bat martxan jarri zuten Beasaingo esperientziaren aurretik. 

Sentsibilizazio kanpaina

Gainera, astean zehar herriko kaleetan sentsibilizazio kanpaina bat egongo da martxan. Pantailen eta panelen bitartez, herritarrak kontziliazio erantzunkidearen garrantziaz jabetuaraztea da helburua. Horrela, emakumeen eta gizonen berdintasuna zailtzen duten egiturazko joerak, estereotipoak, genero rolak eta ohiturak azaleratu nahi dira. Izan ere, aurrera egin dugu, baina emakumeek eta gizonek familia-bizitzan eta lan merkatuan duten zeregina desberdina da oraindik ere eta eragin negatiboa du emakumeengan.

Sentsibilizazio ekintza honen bidez, emakumeek etxeko nahiz zaintza lanetan tradizionalki bete behar izaten duten karga eta desorekan arreta jarri –lan profesionalaz aparte, zaintza eta etxeko lan nagusiak euren gain erortzen jarraitzen dira–. Sentsibilizazio kanpaina honek azaldu nahi du desoreka hori konpontzeko gizonezkoek asko dutela egiteko, hau da, kontziliazio erantzunkidean eta berdintasunean aurrera egiteko gizonezkoen partaidetza ezinbestekoa dela. Aldi berean, komunitateak bere osotasunean –erakundeek, enpresek, herriko eragile eta elkarteek– aurrera pausoak eman behar dituela adierazi nahi da.