Honekin batera Trenbide kalean dagoen parkea eraberritzeko obra kontratatzeko baldintzak ere onartu dira Gobernu batzordean

Hobekuntza eta mantenu lanek duten garrantziari jarraiki, eremu baztertu eta degradatua zen Dolarea parkea biziberritzeko helburua betez jarraitzen du Udalak. Akupuntura urbanoaren filosofiari jarraiki, espazio honetan esku-hartuz ikusgarritasun eta balio erantsia eman zaio guneari, aisialdirako erreferentzia leku bihurtu delarik. Proiektuaren ildo nagusiak ezarri zituen herritarren parte-hartze prozesu baten ondoren, Udal gobernuaren mugarri handienetako bat ireki zen iaz. Espazio eraberrituak harrera ezin hobea izan du, bereziki egun sargoritsuetan gaztetxoek soberako erabilera eman dioten ur-jolasak.

Espazio publiko irisgarri, balioaniztun eta integratu berri honek ordea badu oraindik burutzeke duen lan bat. Hain zuzen ere eta ASPACE elkarteko gurasoek egindako eskaera abiapuntu izanda, haur-jolas inklusiboak parkean kokatzea. Elkarteak parkearen ondoan du egoitza eta erabiltzaileentzako mesedegarria izango den azpiegitura hau eraikitzeko urrats garrantzitsua eman da. 

Edozein kasutan, jolas gune berriaren helburuak elkarteko erabiltzaileen beharretatik haratago doaz, beasaingo gaztetxo orori jolas eskaintza bereizgarri bat eginez. Horrela, guneak ohe-elastiko multzo bat eskeiniko du, kolunpio inklusibo eta gurpildun aulkien erabiltzaileek gozatu ahal izango duten errota batez gain. 

Proposamen aberasgarri hau gauzatzeko uztaileko gobernu batzordean onartu dira Dolarea parkean haur-jolas inklusiboak eraikitzeko lanen kontratazio baldintzak. Parkeko zelai batean gune bat aurreikusi eta prestatuko da jolas hauek kokatzeko. 

Ez da burutuko den obra bakarra izango haur parkeei lotuta. Trenbide kalean dagoen haur parkeak duen berritze premia ikusita, obra hauen kontratazioa ere Dolarea parkean egingo direnei batu zaie. Kasu honetan, gunearen eskaintza txirrista, kolunpio, txirrindudun errota eta eskalagarriak diren kubo erako egitura batzuez osatuta egongo da. 

Bi lanak kontratatzeko baldintzen arabera lanek 8 asteko iraupena izango dute eta lizitazio prezioa 185.000 eurokoa izango da (BEZ-a barne). Proposamena aurrera atera da EAJ eta EH Bilduren aldeko bozka eta PSEren abstentzioarekin. 

Honela bada, udalerriko haur parkeetan Udala egiten ari den esku hartzearen barruan kokatzen dira lan hauek, urte hasieran Ezkiaga parkean jarri ziren haur-jolas berriak eta Murumendi eskolan burutu berri den eta natura inspirazio duen jolas guneez gain. Guzti horiei, Ixabel Olanokoa gehituko zaio Irailean hasiko diren parkearen eraberritze lanen barnean. Dolarea ohe elastikoa jolasaKokatuko den haur-jolas inklusiboetako bat  Murumendi haur jolas parkea 4Murumendi eskolako haur jolastoki berria

Ezkiaga parkeaEzkiagako haur parkean kokatu ziren jolas berriak