Bi zerbitzuak kontratatzeko baldintza plegu berrien onespenarekin ahalegin berezia egingo da zerbitzuen kalitatea eta eskaintza hobetzeko

Ixabel Olano parkea eraberritzeko lanak esleitu dira gobernu batzordean eta udazkenean hasiko direla aurreikusten da

Porteria auzoan uholdegarritasun arriskua gutxitzeko proiektua ahalbidetuko duen hitzarmenaren eguneraketak hasierako onespena jaso 

Iradokizunen fasea pasa ondoren, terrazen ordenantza proposamenari hasierako eman zaio eta jende aurrean jarri da alegazioak jasotzeko

Beasaingo Udalak aurrerapauso berri bat eman du eskaintzen dituen gizarte zerbitzuetan. Kasu honetan Loinatz eguneko zentroaren erabilera eta kudeaketa, eta etxez etxeko laguntza zerbitzua kontratatzeko baldintza plegu berriak onartzeko proposamena onartzearen bidez etorri da. Udalak pertsonen ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea helburu hartuta, bi zerbitzu hauek herritarrei eskaintzeko hobekuntzan ahalegin sendoa egin du. Mendeko eta adineko pertsonen eta horien familien premiak artatzea eta haien autonomia hobetzeko zerbitzua eskaintzen jarraitzeko kontratazio baldintzak onartu dira. 

Udalak ahalegin horretan, zerbitzu honen hobekuntzarako kontrataziora zuzendutako baliabide ekonomikoak handitu ditu, batik bat etxez etxeko zerbitzuan. Zerbitzuen kalitatea eta eskaintza handituko ditu mendekotasuna ez duten pertsonengana ere iristeko. Orotara, zerbitzu hauen kontratazioa hiru urterako izango da beste bi urte, urtez urte luzatzeko aukerarekin. Bost urtean, ia bost milioi euroko inbertsioa suposatuko du. Proposamenaren alde udal gobernuak eta PSEk bozkatu zuten (11) eta EHBildu alderdia abstenitu egin zen (5). 

Ixabel Olano eraberritzeko lanak esleituta

Ixabel Olano parkearen eraberritze lanak kontratatzeko esleipena onartu du Gobernu batzordeak. Lanak construcciones Iturrioz enpresari esleitzea onartu da 800.387,30 euroko kopuruan eta bost hilabeteko iraupena izango duten lanek. Udazkenean lanak hastea aurreikusten da. Honela, aurtengo aurrekontuetan hartutako konpromisoa beteko du Udalak. Laurogeigarren hamarkadan eraiki eta luzaroan eman die herritarrei zerbitzua espazio honek. Baina urteen poderioz, bertako berdegune eta batez ere zoladuraren gabeziak agerian daude. 

Aurrekontuetan EHBildu udal alderdiak egindako proposamena jaso eta hausnarketa eginda, udal gobernua Ixabel Olano parkea eraberritzeko lehen pausoak ematen hasi zen joan den urtean. Udalak, proiektuaren egilearekin elkarlanean galdetegi bat prestatu zuen herritarren eta batez ere, bertako erabiltzaile eta auzotarren iritziak jaso ahal izateko. Ekarpen aberasgarriak eta egingarriak proiektuan txertatu eta horrela, Irisgarritasun baldintzak hobetzea, berdeguneak bateratzea eta parkeak Karobi kalearekin duen erlazioa birplanteatzea izan ziren ondorioztatu ziren lehentasunak. 

Porteria eremuko urbanizazio lanak osatzeko hitzarmenaren eguneraketa

Ur Agentzia, CAF eta Udalak Lakindetza Hitzarmena sinatu zuten 2020ko urtarrilaren 22an, Ezkiaga auzoko Porteria eremuan uholde-arriskua gutxitzeko obrak sustatzeko. Hitzarmen honen baitan, alde bakoitzak konpromezu desberdinak hartu zituzten proiektuaren egingarritasunean aurrera pausoak emateko.

Azken bi urteetan, proiektua gauzatu ahal izateko hainbat kudeaketa egin dira, hala nola: kapera eta Porteriako bulegoen eraikina Udal katalogotik ateratzea, enpresaren langileak beste eremu batean birkokatzea eta ibaiaren ibilguaren zabaltze eta urbanizazio lanen egikaritze proiektua garatzea, besteak beste. Azken honen lanketak hasierako aurrekontuaren eguneraketa ekarri du. Izan ere, aurreikusitako 2 milioi euroko inbertsio batetik 7 milioi eurora pasa da. Honen baitan, Udalak hasieran azaldu zuen milioi bat euro ordaintzeko konpromezua beteko du eta gainontzekoa Ur Agentziak finantzatuko du.

Egingo den esku hartzea baliatuz, Udalak eremu honen jarraian geratzen den ibilbidearen irisgarritasuna eta oinezkoentzako hobekuntzarako esku hartze bat txertatu du hitzarmenean. Jose Migel Iturriotz kalea eta Urbietako zubiaren artean geratzen den tartean, ibaiaren aldeko espaloiari zabalera gehiago emango zaio egun oinezkoen pasabidea hobetzeko. Espaloiaren zabaltzea are eta nabariagoa izango da zubian. Espaloiaz gain, aparkalekutik datorren bidegurutzea hobetu eta Urbieta eraikineko edukiontzien irisgarritasuna hobetuko da. Bidegorria espaloiaren kotara igoko da baita ere. Uholdegarritasun arriskua gutxitzeko obrekin loturarik ez duenez, eremu honetako lanen finantzaketa %100 Udalak hartuko du bere gain; guztira 630.000 euro.

Eman diren aldaketa guzti hauek, Ur Agentzia, CAF eta Udalaren arteko hitzarmenean txertatu dira eta moldaketa honen proposamena aurkeztu zen osoko bilkurari. Proposamena onartua izan zen EHBildu eta PSE alderdien abstentzioarekin (7) eta Udal gobernuaren aldeko bozekin (9).

Terraza eta mahaiak kokatzeko araudi berria

Bide publikoan terrazak, erakustokiak eta beste elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantza berriari hasierako onespena eman zion osoko bilkurak aho batez. Zaharkituta geratu den ordenantza eraberritzeko lanean aritu da udal gobernua. Izan ere, bizitako egoerak are eta ageriago utzi du arauaren eguneratze bat beharrezkoa zela. Garai batean terrazak uda garaira lotzen ziren arren, egun mahaitxo eta aulkiak urteko hilabete guztietan ikusten ditugu. Horren ondorioz, babeserako olan eta berogailuak agertzen joan dira, baita orain arte horren ohikoak ez ziren mahai altu eta kupelak ere. Errealitate honen aurrean, arau berriak onargarriak diren elementuak zehaztu eta hauek bete behar dituzten tamaina, kolore eta bestelako ezaugarriak azaltzen ditu. 

Irisgarritasun baldintzak bermatze aldera, irizpide orokor bezala, etxebizitza-arkupetan debekatuta egongo da mahaitxoak kokatzea eta edozein kasutan, atari eta ibilbide irisgarriak bermatuko dituen 2 metroko zabalera gorde beharko da. Gainera, hirigintza sailetik banatzen den mahaitxoen planoa ikusgarri eduki beharko dute ostalariek hiritar eta udaltzaingoak baldintzak betetzen direla baieztatu dezaten. 

Udala aldez aurretik ostalariekin elkartu zen martxoan lehen-eskutik ordenantza berriaren ildoak azaldu eta zalantzak argitzeko. Ordenantza berriaren gainean jasotako iradokizunak erantzun eta aztertu ondoren eta EHBildu taldeak aurkeztutako proposamenetatik egokitzat emandakoak txertatuta, onespenarekin alegazioen epea zabalduko da behin betiko ordenantza onartu aurretik.