Igartza futbol zelaiko instalakuntzen hobekuntza eta belar artifizialaren aldaketarako esleipena abian jarri da 

Aerotermia bidezko zoru erradiatzaile sistema jasangarriagoa instalatuko da Sehaska Haurreskolan opor garaian

Udal arduradunen asmo eta eginkizunen ardatzetako bat mantenu lanen arloa da, alegia, udal azpiegitura eta instalazioei dagozkien baliabideak baldintza eta egoera aproposean edukitzea kalitatezko zerbitzua eskaintzeko herritarren beharrei begira. Honela bada kirol zerbitzuen kalitatearen eskaintzan, Igartza futbol zelaiaren eraberritzean beste urrats bat eman da erabiltzaileen beharrei erantzunez. 2002an estreinatu zenetik badira 20 urte esku hartze garrantzitsurik egin ez dela. Belar artifizialaren erabilgarritasuna eta bizi-iraupen egokia amaitu zela badira urteak eta honen aldaketa presazkoa da. Zelaiaren erabilera ere handitu da, bertan Beasain Kirol Elkarteko oinarriko taldeez gain, Goierri Gorriko neskak eta Caribeños softball taldeak ere erabiltzen dutelako.

Erabilpen anitza duela kontutan izanik, azken gobernu batzordean onartu dira instalakuntza honetan burutu behar diren konponketa eta eraberritze lanak esleitu ahal izateko baldintza pleguak. Belarra ordezkatzeaz gain, zelaiaren azalera handituko da, baita ureztatze sistema eta drenajea ere, argi-dorreak mugituko dira zelaiaren dimentsioa optimizatzeko eta segurtasuna hobetzeko harmailetako baranda aldatu, sareak indartu eta sarrera langa berria kokatuko dira. Lanen aurrekontua 453.262,97€ (+ BEZ)-koa da eta egikaritze epea 8 astekoa. Lanak abuztuaren 1ean hasi eta Irailaren 26ean amaitu beharko dira argitaratutako baldintzen arabera.

Aerotermia bidezko zoru erradiatzailea Sehaska haurreskolan 

Hobekuntzak egingo diren beste eraikin publikoa Sehaska haurreskola izango da. Egungo baldintzetara egokituz eta jasangarritasunaren irizpideak betez, aerotermian oinarritutako zoru erradiatzailea instalatuko da berotze eta hozte sistema bezala. Ohiko sistemekin alderatuta CO2 isurpenak nabarmen murrizten dituen sistema berria da. Berotze tenperatura baxuetan egiten du lan, eta segurtasun aldetik haurrentzako hobekuntza nabarmena suposatuko du erradiadoreekin egon daitekeen erretzeko arriskua saihestuz. Lanak Unebide obras y contratas S.L. enpresak burutuko ditu. Lanen prezioa 83.254,74€ (+ BEZ) da eta 5 asteko epean egingo dira, abuztuaren 1etik Irailaren 2ra bitartean. 

Asfaltatze lanak 

Udalerriko kale eta errepideetako berritze eta mantenu lanekin jarraituz, aurtengo asfaltatze kanpainaren lanak kontratatzeko esleipena ere onartu du Gobernu Batzordeak. Beasaingo Udalaren helburu nagusietako bat herrian dauzkagun azpiegituren mantenu eta birgaitzea da. Asfaltaketa lan hauekin herria beasaindarren beharretara egokitu nahi da. Horretarako, lehendabizi herrian birgaitze premia duten eremuen azterketa egin ostean, lehentasunaren arabera aurten asfaltatuko diren kaleak hauek izango dira: Oriako Pasealekua, Ezkiagako parking-a eta bere sarrera (asfalto inprimatua) eta Dulce Maria Loinaz 12. Asfaltatze lanak UTE Amenabar Alvar González enpresari esleitzea onartu da 51.767,29 € (+ BEZ) prezioan eta lanak uztailaren 26tik Abuztuaren 5a bitartean egingo dira. 

Bestalde, Alkartasuna Lizeoko Larrialdi Irteerak egiteko lanen esleipena bertan behera geratu da eta ekaineko Gobernu Batzorderako plegu berriak aurkeztuko dira. 

Usurbe Antzokia Goikusen ardurapean

Usurbe antzokia eta honekin batera erakusketa aretoa (etorkizuneko bonberia) kudeatzeko emakida Goikus Kudeaketa S.L.-ri esleitzea onartu da, gaur egungo enpresa bera. Epe berria 2 urterako izango da beste urte bete luzatzeko aukerarekin. Baldintzen artean, Sarrerak saltzeko totem edo makina berria instalatu eta kudeatzeko ardura aurkitzen da.