Senperetik San Isidro baserriraino doan bidea ikasle beasaindar askok erabilia da eskola sortu zenetik. Ordizia, Lazkao eta Olaberriako udalekin adostuta birgaituko da

Leire Artola alkateak bide hau erabiltzaileentzat baldintza egokietan egoteak duen garrantzia nabarmendu du

Goierri Fundazioak eta Beasain, Lazkao, Olaberria eta Ordiziako Udalek eta Goierri Fundazioak San Isidro baserriaren eta CAFeko pabiloien atzealdean (Senperen) dagoen oinezkoen bidea eraberritzeko hitzarmena izenpetu dute. Oinezko bidearen konpontze eta hobetze lanak exekutatzea eta finantzatzea adostu dute lau udalerriek eta Goierri Fundazioak. 

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira Carlos Ormazabal Urbizu Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko lehendakaria, Jorge Mancisidor Goierri Eskolako zuzendaria, Leire Artola Ugalde Beasaingo alkatea, Kepa Zubiarrain Erauskin Lazkaoko alkatea, Jokin Garmendia Asurabarrena Olaberriko alkatea eta Adur Ezenarro Agirre Ordiziako alkatea.

Ordiziatik eta N-I errepidetik datozen ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideez gain, Goierri Eskolak beste sarbide bat izan du, historikoki ezaguna eta ikasle askok erabili izan duten eta egun erabiltzen dutena, “Granja San Isidro” delako baserriaren ate aurrean hasi eta Beasain eta Lazkao aldera (Senperera) jaisten den oinezkoen bidea zehazki. Bide hau, nagusiki Beasain eta Lazkaoko ikasleek, irakasleek eta langileek erabiltzen dute, baina era berean ibiltari eta zikloturista ugarik ere bai.

Oinezkoentzako bide hori kontserbazio-egoera txarrean dago, eta konpontzeko eta hobetzeko obrak egin behar dira: hormigoizko zoru berria bota, argiteria jarri eta oinezkoen erabilera bermatuko duten hesi eta seinaleak jarri.

Bideak, 834 metro inguruko luzera du, San Isidro Granjatik hasi eta CAFeko pabilioien atzean dagoen bidearekin bat egin arte. Bidea jabari publikoko lurretatik igarotzen da, Fundazio beraren jabegoko eraiki gabeko lursail industrialetik, zati batean, eta bestean San Isidro baserriaren lurretatik.

Irisgarritasuna eta baldintza egokiak bermatzea

Lanen inbertsioa 66.033,63 eurokoa izango da. Olaberriako Udalak biztanle kopuruaren araberako kostuaren zatia ordainduko du eta gainontzekoa Beasain, Lazkao eta Ordiziako Udalek finantzatuko dute, bakoitzak heren berdin bat ordainduta. Hala, Olaberriako Udalak 1.412,49 €, Beasaingo Udalak 21.540,38 €, Lazkaoko Udalak 21.540,38 € eta Ordiziako Udalak 21.540,38 € jarriko ditu.

Goierriko Herrien Ekintza Fundazioak, berriz, aipatutako oinezkoentzako bidea konpontzeko eta hobetzeko lanak sustatuko ditu. Horretarako beharrezkoak diren proiektu teknikoak, azterlanak edo aldez aurreko dokumentuak enkargatuko ditu eta obren exekuzioa bideratuko du. Era berean, udalek haien zerbitzu teknikoen laguntza ere emango dute.

Leire Artola Beasaingo alkateak beasaindarrontzat inbertsio honek dituen onurak nabarmendu ditu. “Beasaindar asko izan dira eta izango dira bide hau erabiliko dutenak beraz gure herritarrentzako eta orohar bailararako interes publikoa duen lana dela garbi dago. Irisgarritasuna eta baldintza egokiak bermatuko dira lanekin” gaineratu du. Karlos Ormazabal Goierriko Herrien Ekintza Fundazioko lehendakariak eskerrak eman dizkie lau udaletako ordezkariei, Goierri Eskolara doazen ikasleen irisgarritasuna, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzen laguntzeko proiektu honetan eman duten laguntza guztiagatik.

Sinadura 01

Leire Artola