Aldaketa klimatikoaren aurkako erronkan, instalakuntza berriztagarri honek eraikinaren elektrizitate kontsumoaren %31 sortuko du

Udalbatzaren osoko bilkuran, kultur sorkuntza dinamizatzeko eta gizarte arloko elkarteei zuzendutako dirulaguntzen oinarriak onartu dira

Udal gobernuak, ingurumenaren babesa bultzatu eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko aurreikusitako neurriak abiarazten jarraitzen du. Honela, otsaileko gobernu batzordean, Antzizar kiroldegian eguzki energia lortzeko plaka fotovoltaikoen instalazioa burutzeko lanen kontrataziorako baldintzak onartu dira. Aurtengo udal aurrekontu orokorrean aurreikusi bezala, Beasaingo udal kiroldegiko energia beharrei aurre egiteko eta udalerriko jasangarritasun energetikoan aurrera pausoak emateko, Antzizar kiroldegiko teilatuan instalazio fotovoltaiko bat gauzatzeko proiektua abian jarri da.

Lan honekin, autokontsumorako 300kW-ko eguzki plaka fotovoltaikoen instalazioa burutuko da. Plaka fotovoltaikoek jasoko duten eguzki-energiaren bitartez, eraikinak kontsumitzen duen energiaren %31,1 lortuko da. Aldi berean, urteko 131.645,37 kg CO2ren isurketa saihestuko da atmosferara, edo beste modu batera adierazita, urtean 14.627 zuhaitzek xurgatzen duten CO2 kantitatea. Instalakuntzaren aurreikusitako bizi iraupena 25 urtekoa izanda, guztira 3.290.000 CO2 Kg atmosferara isurtzea saihestuko da.

Kontratazio baldintzen arabera lanen egikaritze epea 17 astekoa izango da eta lizitazioa prezioa 296.213,50 eurokoa (gehi BEZ). Gauzak ondo bidean lanak udazkenean hasita egotea espero da  eta inbertsioa 8 urtetan amortizatuko da elektrizitate merkatuko prezioen gora-beheren arabera.

Kultur sorkuntza dinamizatzeko diru laguntzak onartuta

Beasaingo Udalak kultur arloko hainbat esparrutan duen jarrera sustatzailea ez da berria. Horren adibide urtero hitzarmen desberdinak medio aurrera eramaten diren ekitaldiak, emanaldiak, erakusketak etab. 

Kultur sorkuntzari dagokionez, Beasaingo Udaleko aurrekontuetan espreski jasotzen diren beka, sari edo bestelako laguntzak badira (Matematika argazki lehiaketa-sariak, Beasain idazlehiaketa-sariak, Loinatz jaietako kartel lehiaketa-sariak, Beasain Hiria argazki lehiaketa-sariak, Igartza Literatur Sorkuntzarako Beka Saria, Aire Zabaleko margo sariketa, Igartza Musika Beka, Udal egutegia eratzeko argazki lehiaketa…)

Hala ere, udalaren nahia da kultur sorkuntzaren beste esparru batzuei laguntzak ematea. Iaz bezala, 2022ko aurrekontuan kultur sorkuntzara bideratutako partida bat aurreikusi da berriro, eta epe luzeagoa eman da aurkeztu beharreko proiektuak garatzeko. Hartara, Udalbatzaren osoko bilkuran aho batez onartu diren oinarrien arabera, euskararen presentzia bermatuz, honako proiektu motak diruz laguntzeko modukotzat izango dira: sorkuntza eszenikoa, obra bisualak eta plastikoak onartzea, ikusentzunezko lanak sortzea, musika edo soinu konposizioa, ekintzailetza edo ikerkuntza proiektuak, haur eta nerabe literatura proiektuak eta helduentzako literatura proiektuak. Laguntza hauetarako aurreikusitako kopurua 15.000 eurokoa da eta irailaren 10a arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak. 

Bestalde Udalak gizarte arloan lanean diharduten herriko elkarteekin elkarlanean aritu bada ere, urtez urte erakundeei diruz laguntzeko partidak onartu ditu aho batez. Horretarako, urte honi dagokion laguntzen oinarriak onartu ditu eta 83.500 euroko kopurua zuzendu du honeko proiektuei: eremu soziosanitariokoak, gizarte bazterkeriako arriskuan dauden pertsonentzako, desgaitasuna duten pertsonentzako, pobretutako herrialdeekiko elkartasuna sustatzeko sentsibilizazio ekintzetarako eta pertsona jubilatuei eta adinekoei zuzendutakoak. 

Osoko bilkuran aztertutako beste gaiak honakoak izan dira: TAOren ordenantza aldatzeari buruzko hasierako onespena, Antzizar kiroldegiaren kudeaketa zerbitzuen kontratazioa, Aldundia eta Udalaren arteko hitzarmena etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko, bertako produktuen merkaturatzea eta kontsumoa sustatzeko laguntzen oinarrien onespena eta 2022. urteko ordainsarien igoera.