Gutxienez 400 familiako komunitate energetikoa sortzea bultzatuko du, udalerrian parke fotovoltaiko bat jartzeko

2019az geroztik, hainbat kokaleku eta kudeaketa-eredu aztertzen ari dira, proiektuaren bideragarritasun teknikoa optimizatzeko

Herritarren parte-hartzea funtsezkoa izango da proiektu hau gauzatzeko, hartara, informazio eta kontsulta prozesu bat egingo da

Leire Artola buru duen gobernu-taldearen legegintzaldiko planaren oinarri nagusietako bat energia berriztagarriak bultzatzea da. Autoekoizpeneko instalazioak eta komunitate energetikoak ezinbesteko tresnak izango dira Eusko Jaurlaritzak 2030erako ezarritako helburuak betetzeko, eta energia kontsumoaren % 20 energia garbietatik lortu beharko da. Leire Artolaren arabera, “klima aldaketaren aurkako borroka gure helburu estrategikoetako bat da, ondorioak pairatzen ari garelako eta horrek gure eta etorkizuneko belaunaldien ongizatean eragiten duelako ".

Testuinguru horretan, urriaren 21eko Lurralde Batzordean, udal gobernuak udalerriko etxeetarako tokiko energia garbia sortzea helburu duen ekimen honen ildo nagusiak aurkeztu dizkie gainerako udal taldeei. Autoprodukzioko lehen instalazioa izango litzateke, 1 MW-koa, eta hori egiteko 400 familiako komunitate energetiko bat eratu beharko litzateke. Helburua da familia horietako bakoitzak eguzki plakak izatea, elektrizitate kontsumo osoaren energia bolumen baliokidea sortzeko, hau da, "Km 0" energia berdearen autoekoizpena.

Leire Artolaren hitzetan, proiektu hori lortzeko familiak komunitate energetiko horrekin bat egin behar dute, izan ere, "Udal-erakundeak zorrotz jokatu behar du kudeaketan. Horretarako, proiektu honen kudeaketa eta bideragarritasuna diseinatzeko erabili den formulak kontsumitzaileek kooperatiba bat sortzea aurreikusten du, etxebizitzaren energia-kontsumoaren pareko potentzia eskuratuta”. Kooperatibak 25 urterako sortze-kostu egonkorrarekin instalazioa eraiki eta lan egingo luke.

Hilabete gutxi barru, herritarrei informazioa emateko eta kontsulta egiteko prozesu bat jarriko da abian, beasaindarren artean horrelako ekimen batek izan dezakeen benetako interesa eta atxikimendu maila ezagutzeko. Kontsumitzaileez gain, prozesu honek herriko elkarte eta kolektiboen arteko partaidetza eta sinergiak bilatuko ditu. Prozesuaren ondorioak onak izango balira, hurrengo fasea jarriko litzateke abian: kooperatibako bazkideen atxikipenak erakartzea eta, azkenik, proiektua gauzatzea.

Aldi berean, Udala aurrera egiten ari da administrazio eta hirigintza izapideekin, proiektua ahalik eta lasterren gauzatu ahal izateko. Beste udalerri batzuetan ez bezala, Beasainen proiektua behetik gora garatzea erabaki da, eguzki parkea egiteko bidea eman dezakeen komunitate energetiko horren sorreratik abiatuta.

Egitasmo hau ekimen publiko-pribatua da, eta Beasaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzak EEE (EVE) bidez eta Mondragon Korporazioaren barruan dagoen Krean ingeniaritzak sustatzen dute.