Udalak euskararen erabilera haurren artean indartzeko zerbitzua lau urterako esleitu du 

Azken urteetan geroz garrantzi gehiago hartu duen lorategien zaintza lanen esleipena onartu da

Babes ofizialeko 23 etxebizitza eraikitzeko pausoa eman du Udalak, lurzoruaren salmentarekin. Etxebizitza bat ezinduentzat egokitua izango da eta  guztiek bere garaje plaza eta trastelekuak izango dituzte. Babeseko etxebizitza hauek Errekarteko eremuan eraikiko dira. Erabakia ekaineko Gobernu batzordean hartu zen. 

Horrekin batera, euskararen ezagutza eta erabilera haurren artean indartzeko zerbitzua Ttakun enpresari esleitu zaio. Hizkuntza errefortzu zerbitzua eskolaz kanpo Udalak herriko ikastetxeekin elkarlanean eskaintzen duen zerbitzua da. Esleipenak lau urterarteko epea eduki ahal izango du. 

Errota erromesentzako aterpe izaten jarraituko du

Beasaingo Udalak “Iparraldeko Santiago Bidearen Fundazioari” lagako dio beste hamar urtez Igartzako erromes etxea. Azken hamar urteko erabilera arrakastatsuak, beste hamar urterako lagatzea ekarri du. Milaka erromes izan dira aterpe hartu dutenak Igartzako errotan eta aukera hori aprobetxatuz Beasainen geldialdia egin eta herria ezagutu dutenak.

igartza aldaparoa20200623 4

Plazape taberna eta lorategien zaintza

Plazape tabernaren kontzesiorako, tabernaren ustiaketa eta komun publiko eta dutxaren garbiketa eta mantenuaz gain, plaza azpia eta azoka dinamizatzeko helburuarekin kultur jarduerak antolatzeko baldintza ere jaso da. 

Lorategiak eta gune berdeak mantendu, zaindu eta hobetzeko zerbitzuari dagokionez gizarte-ekimenezko enplegu-zentro berezientzat eta araututako laneratze enpresentzat dago erreserbatua. Bi kontzesio hauetarako baldintza pleguak aho batez onartuak izan ziren udalbatzaren osoko bilkuran. 

Osoko bilkuran proposatu eta aztertu ziren beste gai azpimarragarrienak hauek izan ziren; gizarte-arloko jarduerak edo programak garatzeko Beasainen diharduten elkarteentzako laguntzak arautzeko oinarriak onartu ziren EHBilduren (5) abstentzioarekin eta EAJ (9) eta Alderdi Sozialistaren (2) aldeko bozekin. Udal Euskaltegian 2021/2022 ikasturtean ezarriko diren tarifak aho batez onartu ziren eta Musika Eskolako tasekin onartu bezala, Udal Euskaltegiko datorren ikasturteko tasek  %1,4ko igoera izango dute. Langabetuentzat doan izango da. Beasaingo Udalaren jabetzako eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzua eta Covid-19ak sortutako pandemiaren eraginez errefortzu garbiketen zerbitzua kontratatzeko deialdia egitea onartu zen Alderdi Sozialistaren aurkako (2) eta gainontzeko alderdien (EAJ -9-, EHBildu -5-) aldeko bozekin.