Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak Leire Artola alkatearekin batera, Etorkizuna Eraikiz Kapsula bisitatu du gaur eguerdian, egun osoan zehar Beasainen dagoena

Etorkizuna Eraikiz Kapsulak Beasainen ari da egiten gaur geldialdia, aste hauetan Gipuzkoako eskualde ezberdinetan zehar egiten ari den biran. Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatzen duen Etorkizuna Eraikiz programak herritarrak lurraldearen etorkizunari buruzko hausnartu eta konprometitzera bultzatu nahi ditu. Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak bere jaioterrian gogoratu duenez, Etorkizuna Eraikiz Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lanean ari da, eta ariketa horretan funtsezko elementua da elkarlaneko gobernantzaren alde egitea. “Zertan ari garen bezain garrantzitsua da nola ari garen, guztion artean adostutako erantzunak izan behar dute gure geroa diseinatuko dutenak eta, beraz, prozesu horretan asko dute esateko herritarrek. Parte hartze hori sustatzea da hain zuzen ere kapsularen helburua”, adierazi du.

            Olano Beasainen izan da gaur eguerdian, Leire Artola herriko alkatearekin batera. Aste honetan, astelehenean Arrasaten egon zen kapsula, eta atzo Irunen izan zen, eta datorren astean Eibar eta Zarautzen izango da. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du diputatu nagusiak.

Bestalde, Leire Artola alkateak bat egin du ekimenarekin, eta udal gobernuak herritarren beharrei erantzuteko duen konpromisoa berretsi du. "Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da. Etorkizuneko erronkei buruzko hausnarketa partekatzean, herritarrak gizarte, ekonomia, ingurumena eta beste alorretan emango diren aldaketen partaide egiten ditugu; eta aldaketa horiek ekimen eta proiektu askoren bidez garatu behar ditugu, Aldundiarekin lankidetzan".

            Kapsula Beasaingo Erauskin plazan instalatu da, eta egun guztian zehar egongo da bertan. “Etorkizunaz pentsaraztera eramango gaituen benetako kapsula da, denboraren kapsula balitz bezala”, esan du Olanok, herritar guztiei zuzenduta dagoen ekimena dela azpimarratuz. Kanpotik ikusita, tunel moduko bat da, eta bisitaria kapsulara sartzean Gipuzkoak egun dituen ezaugarriak ikusten ditu parez pare. Hauetatik, Gipuzkoak 2040an zein balio mantendu beharko lituzkeen galdetzen zaio bisitariari. “Honek, egungo gipuzkoarrek garrantzia zeri ematen dioten erakutsiko digu, egungo gipuzkoarren kezka eta nahiak zeintzuk diren, alegia”, esan du Olanok.

            Behin lehen urratsa emanda, Gipuzkoako Foru Aldundiak etorkizunari nola erantzuten dion kontatzen du kapsulak. Hau da, modu laburrean, Etorkizuna Eraikiz zer den eta zertan ari den aurkezten zaio, esaterako erreferentziazko zentroen bitartez etorkizuneko gaiei eta herritarren kezkei nola erantzuten ari den erakutsiz. Ibilbidea bukatzeko, bisitariari etorkizuna eraikitzeko euren konpromisoa idazteko eskatzen zaie eta, gero, inprimatu eta bakoitzak bere etxera eramateko aukera dute, kapsula txiki batean gordeta. Honekin batera, kapsularen kanpoaldean photocall bat dago, herritarrei euren konpromisoarekin argazki bat ateratzeko gonbita luzatuz, eta parte-hartzaileak bere helbide elektronikoa emanez gero, argazki hauek Gif formatuan bidaltzen zaizkio.

            “Ekimen oso interaktiboa da, jolas moduan planteatu nahi izan duguna, baina sakoneko helburua zein den ahaztu gabe: mundua abiadura bizian aldatzen ari da, etengabeko transformazio prozesu baten erdian gaude, eta Gipuzkoako epe ertain eta luzera dituen erronkak sekulakoak dira. Desafio horiei guztiei aurre egiteko ezinbestekoa da erakundeak, elkarteak, enpresak, ezagutza zentroak… inplikatzea, baina gizartearen beraren inplikazioa lortzea ere funtsezkoa da. Kapsularen bitartez, norabide horretan eragin nahi dugu, kontzientzia sortu nahi dugu gure etorkizuna lantzearen eta eraikitzearen alde lan egiteak duen garrantziaren inguruan”, borobildu du Markel Olanok.