Udalerriko parkeak, lorategiak eta zuhaiztiak mantendu eta zaintzeko zerbitzua esleitzeko deialdi publikoa egin da

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko ostalari, merkatari eta zerbitzu sektoreko profesionalek zabor eta terrazen tasan %50eko hobaria izango dute 

Maiatzeko gobernu batzordeak eta udalbatzaren osoko bilurak utzi zituzten erabakien artean aurkitzen da Udalak aurten eskuartean daukan proiektu garrantzitsuetako bat. Erretiratuen egoitza berria eraikitzeko lanak kontratatzeko prozesuari onespena eman dio gobernu batzordeak, honela Aranealde elkarteak bere jarduerak burutu ahal izateko topalekua prest izateko beste urrats bat eman da. 

Erabiltzaileen eskutik egindako proiektua

Beasaingo erretiratuentzako egoitza berriaren kokalekuak orain artekoak zituen oztopo eta trabak gainditzera dator. Irisgarritasunean abantailak ugariak izango ditu. Herrigunean kokatuta egongo da, Urbi etxeko solairuartean. Seirehun metro koadroko solairu bakarrean egongo da kokatua eta Aranealde erretiratuen elkarteko kideekin elkarlanean landu da espazioen banaketa. Elkartearen beharrei erantzutea izan da lehentasuna eta diseinuari dagokionez erabilpen anitzeko guneak egongo dira beraien jarduerak egin ahal izateko. 

Oinez bertaratzea badago ere, egun eraikitzen ari den Nafarroa etorbidea eta Oriamendi kalea lotuko dituen igogailua iritsiko da Urbi etxeko solairuartera, honela bertarainoko irisgarritasuna bermatuko da. Lanen kontrataziorako baldintzetan zehazten denez, lanen aurrekontua 706.367, 52 (BEZ-a barne) eurokoa izango da eta bost hilabeteko epean burutu beharko dira. Tramiteen epeak betetzen badira, Irailean lanak hastea espero da.  

Lanekin jarraituz, Gobernu Batzordean Murumendi ikastetxean erabilera anitzeko gela egiteko, aretoa berritzeko lanen esleipena ere onartu zen. Erabaki honekin ere, Udalaren jabetzakoa diren eraikinetan hobekuntzak egiten jarraitzeko konpromisoari erantzuten zaio. Unebide obras y contratas S.L. enpresak egingo ditu lanak 123.726 (gehi BEZ) euroko prezioan hamar asteko epean. Lanak uda garaian burutuko dira.

Eraikitzen ari den igogailuak irisgarritasuna bermatuko duEraikitzen ari den igogailuak irisgarritasuna bermatuko du

Udalerriko lorategi eta berdeguneen mantenua

Udalbatza osoaren bilkurak aho batez onartu zituen udalerriko parkeak, lorategiak, berdeguneak eta bide-zuhaiztiak mantendu, zaindu eta hobetzeko lanak kontratatzeko baldintza pleguak eta deialdia egitea. Hobekuntza eta mantenu lanek berebiziko garrantzia dute udal agintarientzat, jakinik egun urbanistikoki eraikigarria den espazioa erabat garatuta dagoela. 

Dagoena baldintza egokietan eduki eta hobetzea da funtsezko helburuetako bat eta eremu berdeetan eginkizun hori betetzea garrantzitsua da udalerri eroso, atsegin eta bizigarri bat eduki ahal izateko. Zerbitzu horretara 439.020,41 euroko aurrekontua bideratuko da baldintza pleguen arabera eta lau urterako izango da urte bat gehiago luzatzeko aukerarekin. 

Ostalarientzako obariak zabor eta terrazen tasetan

COVID-19aren bigarren olatuak eragindako ondorioak arintzeko zerga arloan, 2021eko ekitaldirako, zaborren eta terrazen tasan %50eko hobaria ezartzea onartu zuen udalbatzak EHBilduren abstentzioarekin. Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzu sektoreko jardueren titularrentzat eta modu berean ere terrazen tasari dagokionez aipatutako okupazioaren erabileragatik lizentzia dutenak izango dira onuradunak. Hobaria 2. seihilekoari dagokion ordainketa epean gauzatuko da. Udal gobernuak proposamen honekin 2020an ezarritako laguntzak errepikatuko ditu.

Udalbatzaren osoko bilkurak, gai zerrendan zituen honako beste erabaki hauek hartu zituen;  Bake epaile titularra eta ordezkoa izendatzeko proposamena onartu zen EHBilduren abstentzioarekin eta gainerako alderdien onespenarekin. Gema Larrañaga izango da titularra eta Jose Luis Díaz ordezkoa. 2021/2022 ikasturterako Loinatz Musika Eskolako tasak onartu ziren eta KPIaren igoerarekin (%1,4) EHBilduren abstentzioarekin. Beasaingo irabazi asmorik gabeko ikastetxeek irakaskuntza arautuaren esparruan egiten dituzten jarduera, programa eta proiektuetarako diru-laguntzak emateko oinarriak mahai gainean geratu ziren aurrerago aztertzeko, eta gizarte eta hezkuntza arloan eta arlo psikosozialean esku hartzeko zerbitzua esleitzeko baldintza pleguak eta deialdi publikoa egitea onartu zen aho batez.