IAT zerbitzua eskainiko duen pabiloia udal-jabetzakoa den Iturralde txikiko lursailean kokatuko da, Udalak honela beste urrats bat eman du Beasainen eskaera handia duen zerbitzua ezartzeko

Beasaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak gaur sinatu dute IAT zerbitzua Beasainen ezartzeko prozesua. Aipatutako zerbitzua kokatuko den lursailen lagapenaren baldintzak finkatu eta joan den irailean osoko bilkurak onartu ondoren, gaur sinatu da akordio hori.

Covid 19aren ondorioz alarma-egoerak eragindako etenaldia dela eta, lagapen-hitzarmena gaur sinatu dute Eusko Jaurlaritzan. Sinaduran, Beasaingo Udalaren izenean Aitor Aldasoro alkatea eta Eusko Jaurlaritzako ondare saileko zuzendaria David Alvarez Martinez egon dira.

Eskaera handiko zerbitzua

IAT zerbitzua emango duen pabiloia Korosti enpresaren eta Sasietako Mankomunitatearen artean dagoen Iturralde txiki izeneko 5.300 metro karratu inguruko orubea da. Lagapena doakoa izango da baldin eta jarduerari dagozkion baldintzak betetzen badira.

Udal gobernuak 2016an hasi zituen zerbitzu hori Beasainen kokatzeko gestioak. Gaurko sinadurarekin, Beasainen gaur egun eskaera handia duen zerbitzu bat ezartzeko beste urratsa ematea lortu da, eta hori udalerriaren eta eskualdearen onerako izango da. Hurbiltasunarekin eta erosotasunarekin batera, tokiko eta eskualdeko jarduera ekonomikoarentzat onuragarria eta pizgarria izatea espero da.