Tokiko merkataritza suspertzeko konpromisoari atxikiz, hiru urtez alokairu gastuak diruz laguntzea eta lokala erosteko ere laguntza ematea aurre ikusten da onartutako oinarrietan

Udalbatzak ere onartu du aho batez berdintasuna eta kontziliazioagatik, udal langileei gurasotasun baimena 18 astera luzatzea ama biologikoa ez den gurasoari

Bestalde langileen soldata igoerak eta oposizioko eta gobernu taldeko zinegotzien arduraldiak onartu dira

Tokiko merkataritza eta ekonomia sustatzeko eta bultzatzeko xedez, udalerrian dauden lokal hutsak berrerabiltzeko helburua lortu nahi da udalbatza osoko bilkurak onartu zuen proposamenarekin. Funtsean eta bereziki J. M. Iturriotz kalean dauden lokalek izango dute lehentasuna nahiz eta udalerri osora zabaldu liteken asmoa. Horretarako eta Herritarrak batzordetik egindako proposamenaren arabera, aho batez onartu zituen udalbatza osoak hutsik dauden lokalak betetzeko alokairuei diru laguntzak emateko oinarriak. Baldintza nagusienak hauek izango dira: alokairu kontratua gutxienez 3 urtekoa izan behar da, lehenengo urtean alokairu gastuaren %50, gehienez 300 euro hilean, lagunduko da. Bigarren eta hirugarren urtean aldiz, alokairuaren %40, gehienez ere 200 euro hilean. Establezimendua erosiz gero, diru laguntza katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000 euro. Honekin batera barruko zein kanpoko errotuluak euskaraz egon beharko dira. Laguntzak emateko oinarriak 2020an bete diren lokal hutsei ezarriko zaie, alegia, proposamena orain onartu bada ere, urte honetan orain artean jada berrerabili diren lokalek ere eska dezakete. Eskaerak Igunean egin daitezke.

Otsaileko udalbatzaren osoko bilkuran onartutako proposamen aipagarrietako bat udal langileei gurasotasun baimena parekatzea izan da. Antolakuntza batzordeak aurkeztutako proposamenak, bi gurasoek dituzten jaiotzagatik baimenen iraupena parekatzea. Gizonen eta emakumeen arteko berdintasun errealaren eta eraginkorraren alde, erantzunkidetasun printzipioaren alde eta bizitza pertsonalaren eta familiarren kontziliazioa sustatzearen alde dagoen eskaera sozialari erantzuteko. Hain zuzen ere Udala aurrera eramaten ari den Herrilab proiektuarekin koherentziaz jokatuz kontziliazio erantzunkidea sustatzeko. Honela bada aho batez onartutako proposamenaren arabera, ama biologikoa ez den gurasokidearentzat ere 18 astera gurasotasun baimena luzatzea onartu da. Honekin batera aipatu, Herrilab proiektuaren hurrengo faserako ekintza plana gauzatzeko eginkizuna esleipen bidez Ikertalde eta Ikerpartners enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu zaio legealdi amaiera arteko epean 35.495 (+BEZ) eurogatik.

Langileen ordainsarien igoerak eta zinegotzien arduraldiak

Urtarrilean argitara emandako dekretu legearen arabera, langile publikoen 2020. urteko ordainsarien igoerak araututa daude. Horren harira, soldata igoera finko bat aurre ikusita dago batetik eta ekonomia haztearekin lotutako igoerari dagokion ehuneko gehigarria bestetik. Hori horrela, 2020ko urtarrilaren 1etik %2ko igoera finkoa ezarriko da aho batez udalbatzak onartuta. Gehigarri baldintzatua berriz uztailaren 1etik aurrera Barne Produktu Gordinaren igoerarekin baldintzatua egongo da eta igoera finkoari erantsiko zaio.

Zinegotzien lanaldi edo arduraldi esklusiboei dagokionean aztertutako proposamenean, arduraldi esklusiboa aitortzea erabaki da EHBildu oposizioko udal taldekoa den Yolanda Hernandez Rodriguezi, hamabi hilabeteetan soldata jasoz (ekainean eta abenduan bikoitza izanik). Halaber, arduraldi partziala %50ean izatea onartu zaie Xabier Matarranz Rico eta Elena Ruiz Zabala udal gobernu taldeko zinegotziei eta hamabi hilabeteetan soldata jasoz (ekainean eta abenduan bikoitza). Proposamena aurrea atera da udal gobernuaren aldeko 10 botoekin eta EHBildu eta PSE-PSOE udal taldeen aurkako 7 botoekin.

Socialistas Vascos-Euskal Sozialistak aurkeztutako Beasaingo nazismoaren biktimak oroitzeko mozioa mahai gainean utzi da Beasaingo Bizikidetza mahaiak eta Eusko Jaurlaritzako Gogora institutuak bere ikerketa lanak amaitu bitartean.

Egun berean burututako Gobernu batzordean esleitu dira Alkartasuna Lizeoko balioanitzeko aretoan emergentzia irteerak egiteko lanak. Urbycolan enpresa izango da lanak burutuko dituena eta 10 asteko epea izango du. Aurrekontua 86.959 (+BEZ) eurokoa da.