Behin behineko onespena jaso dute aretoak etxebizitza izatera aldatzeko arautzen dituen ordenantzaren errebisioak

Udalbatzaren osoko bilkuran Arizmendi 1 sektorea landa lur izatera pasa eta eremu urbanoan eraikitzera mugatzeko proposamena onartu zen mendiko eremua babestuz

Urriko udalbatzaren ohiko osoko bilkuran onartutako gai aipagarrien artean aretoak etxebizitza bihurtzeko araudiari proposatutako aldaketak izan ziren. 2007az geroztik indarrean dagoen ordenantza honek udalerriko eremu jakin batzuetan hirugarren sektorera zuzenduta zeuden aretoak etxebizitza bihurtzeko aukera ireki zuen. 12 urtetan 22 areto izan dira etxebizitza izatera bihurtu direnak eta emaitza hori ikusita eta ordenantzari baliagarritasuna ematen jarraitzeko, aztertu beharreko proposamenean joera hau handitzeko eta errazteko aldaketa hauek proposatu eta eraman zituen antolakuntza batzordetik udal gobernuak udalbatza osoko bilkurara; udalerri osora zabaltzera aukera hau, esleipen prozedura erraztea edo arintzea, eta azkenik alokairuan jartzeko aukera ere ematea etxebizitza berriei. Behin behineko onespena onartua izan zen EHBildu taldearen abstentzioarekin (5 boto) eta gainontzeko alderdien aldeko botoekin PSE-PSOE (2) eta EAJ-PNV (9).  

Onartutako beste gaien artean arau subsidiarioen aldaketari eragiten dioten erabakia onartu zen. Hain zuzen ere Arizmendi edo 1 sektoreari eta Dr. Fleming edo 34 eremuari eragiten diotena izan zen. Lurralde batzordearen proposamenak 1 sektorea ez eraikigarri bihurtzea eta landa lur izatera aipatzen zuen,  eraikigarritasuna eremu urbanora mugatuz, hain zuzen ere egungo Dr. Fleming 34 eremuan. Honela bada, erabaki honek ordenazioa aldatzea ekarriko du eta bertan 12 etxebizitzako 4 bloke eraikiko dira.

Arau subsidiarioen aldaketa honek mendi lurrak babestuz, jasangarritasuna eta eraikigarritasuna eremu urbanoan egitea lortu nahi du. Bozketan EHBilduren udal taldeak aurka bozkatu zuen (5) eta PSE-PSOE (2) y EAJ-PNV (9) alderdiek alde.

Udalbatza osoak aho batez onartutako gai aipagarrienen artean taxi zerbitzuaren 2020eko tarifak izan ziren. Onartutako proposamenaren arabera taxien tarifak %0,8ko igoera izango dute datorren urtean.