2019an ekintzaileek coworking guneak erabiltzeagatik diru laguntzak emateko oinarriak eta azokan baserritar eta ekoizleek beren produktuak merkaturatzeko laguntzak emateko arauak onartu dira udalbatzaren osoko bilkuran

Bestalde, euskararen sustapena indartzeko, merkatarien errotuluak, irudi korporatiboa eta web guneak euskaraz jartzeko 2019ko diru laguntzak ere onartu dira kontuan izanik azken urtean laguntza hauetarako eskariak laukoiztu egin direla

Herritarrak batzordeak aurkeztutako proposamenek hainbat diru laguntzen banaketarako oinarrien onespena jaso dute urtarrileko udalbatzaren osoko bilkuran. Ekonomia eta enpleguaren alorrari eragiten dioten erabakiak izan dira aipagarrienetako batzuk. Honela, enpleguaren baitan ekintzailetza sustatu eta laguntzeko, coworking gunea erabiltzeagatik diru laguntzak jasotzeko arauen oinarriak onartu dira aho batez. Lanpostuen sorrera eta ekonomian eragin positiboa izateko helburuz espazio pribatu hauetan kokatzeko eta errotzeko erraztasunak ematera zuzendutako laguntzak izango dira. Funtsean lagunduko den gastua, 12 hilabeteetako lokalaren alokairuaren prezioaren %50a eta gehienez 1.200 euroko laguntza emango da eskaera bakoitzeko.

Udal gobernuak abian jarritako hileko lehen larunbateko azoka bereziarekin zerikusia duen beste proposamen bat ere aurrera atera da aho batez. Bertako produktuen merkaturatze eta kontsumoa sustatzeko ekoizleei laguntzak bideratzeko proposamena izan da. Honi lotuta aipatu lehen sektoreko ekoizpenari egonkortasuna eman nahian eta aukera berriak aztertuz, azoka Ezkiaga auzoan jartzeko aukera ere mahai gainean aztergai dagoela. Honela proposamenean, larunbatetako azokan parte hartzeagatik eta oinarrietan jarritako gutxieneko asistentzia eta baldintzak betez gero ekoizle bakoitzari 50 euroko diru laguntza ematea onartu da.

Kreditu aldaketen atalean kirolean berdintasunaren alde egiteko helburuarekin eta emakumezkoei aukera berdintasunaren irizpidea bermatzeko, Goierri Gorri emakumezkoen futbol taldeari diru laguntza handitzeko proposamena aho batez onartu da. Kreditu aldaketa onartuta, futbol taldeak 7.000 euro gehiago jasoko ditu emakumezkoek futbolean aritzeko sustapenean laguntzeko.

Euskararen erabileran eta sustapenean, merkataritzan hizkuntza paisaia euskalduntze aldera 2018an emandako diru laguntzen oinarriak udalak aldatu zituen eta emandako kopuruak igo egin zituen: errotulu nagusia euskaraz jartzeagatik %30tik %50era eta gehienez 180 eurotik 240 eurora igoz; irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsean izanez gero gehienezko laguntza 120 eurotik 180 euroko izatea pasa zen. Aldaketa hauen eraginez orain arteko eskaerak 3 edo 4 baziren, aurten 19 izatera iritsi dira (7 errotulu nagusietarako), beraz laukoiztu egin dira. Onartu den proposamenaren arabera diru laguntzen oinarriak honela geratu dira: errotuluen kasuan, diru laguntza kostuaren %50 izatea, gehienez ere 240 euro. Irudi korporatiboen kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, kostuaren %50 ordainduko du Udalak eta diru laguntza gehienez ere 180 eurokoa izatea. Web-orria euskara hutsez eginez gero, kostuaren %50 izatea diru laguntza, eta gehienez ere 450 euro. Web-gunea euskaraz eta beste hizkuntza batean edo batzuetan egonez gero, kostuaren %40 izatea diru laguntza, eta gehienez ere 360 euro.

Udalbatza osoaren bilkuran aztertu diren beste gai batzuk hauek izan dira; 2019rako udal plantila eta lanpostuen zerrenda aldatzea, Donostiako musika eta dantza eskolaren eta Beasaingo Loinatz Musika Eskola publikoaren arteko kudeaketa gomendioaren hitzarmena lan poltsak modu bateratuan kudeatzeko eta erabili ahal izateko eta udal organismo autonomoen desegitea (Musika Eskola, Euskaltegia eta Kirolaren Udal Erakundea).