Joan den astelehenean egin zen azken bileran itxi ziren  adosteko falta ziren azken gaiak

Bizilagunei eragiten dien musikaren bolumena izan da jorratutako gairik garrantzitsuena baina zaborrei, errekaren garbiketari, ordutegiari eta jaimen kokapenari buruzko neurriak ere erabaki dira

Azken bileran hartutako erabakiekin amaitutzat eman da Loinatz jaietako mozorro egunean gazte taldeek jartzen dituzten jaimak antolatzeko arauak adosteko prozesua . Udal gobernuak egindako bitartekaritzaren bidez, jaimetako gazteek eta Zaldizurreta kaleko bizilagunek mozorro egunean sortzen diren eragozpenak gutxitzeko zenbait neurri adostu dituzte.

Zaldizurreta kaleko bizilagunek azken urteetan nozitzen duten kalte nagusiena musikaren bolumen altuegia izan da. Hori aintzat hartuta, otsailaz geroztik bizilagunen ordezkariek eta jaimak kokatzen dituzten gazteek Udal agintariekin burutu dituzten bilerei esker, musikaren bolumenari neurri egokia jartzea erabaki da honela arazo horri konponbidea emango zaiola espero da. Bere egunean bizilagunen presentziarekin soinu froga bat egin zen eta bertan hartu zen erabakiari esker, talde guztiek alokatuko dituzten musika ekipoek soinuaren neurria mugatua izango dute (100 dezibelio inguru).

Jaimen kokapena eta  ordutegia

Iaz adostutako beste neurri batzuk berdin mantenduko dira aurten ere. Hala nola, mozorro egunean, eguerdiko 12:00etatik aurrera jarri ahal izango dira jaimak. Ordu hori iritsi arte kalea libre mantendu behar da ibilgailuentzat. Jaima guztiei argindarra emateaz Udala arduratuko da eta goizaldeko bostetan etengo da guztientzat. Ez da gasoliozko argindar sorgailurik onartuko eta jaima kokatzeko ezinbestekoa izan da aldez aurretik izena ematea. Izan ere, jaimak non kokatuko diren erabakitzeko, zozketa egin da. Talde bakoitzak bere lekua gordeta izango du eta izenik eman ez duen taldeak ezin izango du jaimarik jarri. Honela, talde bakoitzak egokitu zaion tokia adierazten duen txartela jaso beharko du udaltzaingotik.

Zaborrak eta garbiketa

Mozorro egunean sortzen den beste arazo handi bat zabor kopuruarena da. Hori dela eta, herritarrei erraztasunak emate aldera, zaborra botatzeko bi puntu berezietan edukiontziak  jarriko ditu Udalak. Zaldizurreta kaleko 15garren zenbakiaren parean beira  eta plastikoa botatzeko eta kale honen atzealdean, traste zaharrak eta tramankuluak botatzeko beste edukiontzi bat egongo da.

Beira edukiontzi kokapenaBeira eta plastikoa botatzeko edukiontzien kokapenahondakinen edukiontziaHondakinen edukiontzia

Kezka sortzen duen beste gai bat errekaren kutsadura da, bertara botatzen den zabor kopurua dela eta. Joan den urtean jaimak ezarri zituzten gazteek egin behar izan zituzten botatako hondakinen bilketa lanak, baina ez zen gazte asko bertaratu egindako deialdira, hori dela eta aurten beste neurri batzuk adostu dira. Gauzak horrela, garbiketa lanak ordaintzeko talde bakoitzak diru kopuru bat jarriko du lan hori burutuko duten pertsonei ordaintzeko. Ordainketa hau taldeek beren kokapena adierazten duen zenbakia udaltzaingotik jasotzera doazenean egin beharko dute. Horretarako bi egun egongo dira, maiatzaren 17a eta 18a.

Bitartekaritza lan honetan, Aitor Aldasoro alkatea eta gazteria eta Kirol saileko zinegotzia Elena Ruizek parte hartu dute. Udal arduradunak gustura agertu dira adostutako neurriekin eta bi aldeetako ordezkariek izan duten jarrerarekin, finean erabakiak bi aldeen arteko adostasunari esker lortu baitira eta elkarbizitzarako mesedegarri direlako.