Herritarren bizi kalitatean eta ongizatean eragin zuzena izango duten aurrekontuak onartu dira. Berrikuntza esanguratsuenak,  Porteriako eremuari, Erauskin plazako guneari, Dolarea parkeari eta Igartza Oleta kalean norabide bikoitza berreskuratzeari lotutako hirigintza proiektuak dira 

Jarraipena izango dute enplegu planak, Goiz Alzheimer programak, Beasain Lagunkoiak, Beasain Kirol Sariak, Igartza Musika Programa eta Bekak, mantenu lanek eta kiroldegiko inbertsioek, besteak beste

Hirigintza arloan, Beasaingo hirigintza egitasmo orokorra gauzatzeko eginkizuna Sabai enpresari esleitu zaio eta Udala eta La Salle ikastetxearen arteko hitzarmena onartu da gobernu batzordean

Atzo burututako osoko bilkuran, EAJ-PNVren (9) eta alderdi sozialistaren (2) aldeko botuekin eta EHBilduren abstentzioarekin (6) onartu dira 2018rako aurrekontuak. Honela, hurrengo urtean Udal gobernuak proposatutako egitasmoak aurrera atera ahal izango dira. Beti ere, herritarren bizi kalitatean eta ongizatean eragin positibo zuzena izango dutenak. Tartean, udal gobernuak agertu duen borondateari lotuta, oposizioko taldeek egindako ekarpenak txertatu dira.

Udal gobernuak, legealdiko konpromisoei helduz landutako aurrekontua da onartutakoa, enpleguaren sustapena eta herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten duena.  

Proiektu esanguratsuak martxan jarriko dira herritarren ongizateari begira. Aipatu proiektuek, herriko eremu ezberdinen eraldaketa ekarriko dute eta erosotasuna eta irisgarritasuna hobetzea izango dute helburu. CAF lantegiaren sarrera nagusiko eraikinaren eraldaketa jarriko da martxan, Oria ibaiaren ur-emaria zabaldu eta uholdeen arriskuari konponbidea emateko. Erauskin plazaren eraberritzea ere martxan jarriko da oinezkoentzako gune bihurtzeko. Dolarea parkearen eraberritzerako prozesua gauzatuko da eremu honi balio berri bat emateko. Toki honi lotuta, aldameneko Igartza Oleta kalearen zatian trafikoaren bi norabideak berreskuratzeko lanketa burutuko da. Inbertsio berriekin jarraituz, Usurbe antzokian irisgarritasuna hobetzeko egokitzapen lanak egingo dira eta herri gunetik aparteko auzoetan baserri bideen egokitzapenaz gain, Garin auzoan ur zikinen arazoari konponbidea emateko proiektua exekutatuko da. Olaran eraikina berreskuratzeko pausoak ematen ere jarraituko da.

Orain arte hartutako konpromisoei eutsiz, enplegua eta tokiko jarduera ekonomikoaren sustapenarekin lotutako egitasmoek jarraipena izango dute. Enplegu planaren bitartez langabetuei egokitutako formazio saio espezifikoak eskainiko dira; Ikolan enpresarekin elkarlanean ikasketarik gabeko pertsonentzako ikastaroak antolatuko dira eta berrikuntza gisa, ekintzailetasuna sustatzeko bide berri bat ireki nahi du gobernuak Coworking proiektuak aurrera eramateko diru laguntzak eskainiz.

Pertsonen ongizateari  lotuta, Goiz Alzheimer programak, Ondo ibili ondo izan egitasmoak, Kiroldegiko kontsultategiak eta Beasain Lagunkoia programak jarraipena izango dute 2018an.  Azkenik, prebentzio mailan, aurtengo berritasuna zahartze aktiboa bultzatzeko Anezka enpresen inkubategitik jasotako proiektu berritzailea jarriko da martxan adineko pertsonei zuzenduta.

Era berean, Kirola, kultura eta euskarari loturiko legealdiko egitasmoak ere mantenduko dira. Kultur arloan, dantzan.eus-ekin hitzarmena, Igartza Musika Programa eta Bekak jarraipena izango dute eta euskararen erabilera indartze aldera saskibaloi eta futbol taldeekin proiektu berritzailea jarriko da martxan. Kirolaren atalean Beasain Kirol Sariak eta kiroldegiko inbertsioak gauzatuko dira; hala nola, sarrera eta takilak irekitzeko sistema bateratua ezartzea, gimnasioa handitzea eta Crossfit areto berria sortzea.

Berdintasuna arloan kontziliazioa hobetzeko Herri Lab egitasmoa (Aldundiarekin elkarlanean) abian jarriko da eta izendatu gabeko kale eta guneak emakume izenez izendatzeko proposamenak bultzatzen jarraituko da. Bizikidetza hobetzeko martxan jarritako dinamika bultzatzen jarraituko da. Memoriaren plaza eta Beasaingo bizikidetzaren aldeko herritarren taldearen dinamizazioa sustatuz jarraituko du Udal gobernuak.   

Zerbitzu eta hirigintza arloekin lotutako akupuntura urbanoa deituriko ereduari eutsiko zaio. Honekin, herriko gune eta eremu degradatuak atzeman, berreskuratu eta berritzen jarraitzea da asmoa.  Irisgarritasuna hobetzeko zebrabideak altueran jarriko dira, espaloi eta kaleak berrituko dira eta mantenu lanetan jolastokiak pintatzeaz gain kale argiztapena ere hobetuko da, besteak beste. Honi, udalerriko toki eta eraikin esanguratsuenak argiztatzeko egitasmo berezi bat aurreikusten da, aparteko protagonismoa emateko toki hauei. 

Oposizioko taldeekin partekatu ondoren, euren ekarpenak jaso eta guztien arteko aurrekontua onartzeko borondatea agertu du gobernu taldeak;  2017ko aurrekontuekin gertatu bezala proposamen guztiak bete daitezen (Dolarea, Usurbe antzokia, Rokodromo berria, Murumendi eskola…).

Honela, EHBilduk egindakoen artean, jarraipena izango dute Dolarea parkearen eraberritzeak, Usurbe antzokiaren egokitzapenak eta gazteen aisialdirako programa lantzeko konpromisoa daude onartutako aurrekontuetan. Alderdi sozialistaren ekarpenen artean ere tokia izango dute Murumendi ikastetxearen eraikuntzarako hobekuntzak (dagokion azterketa teknikoaren emaitzen arabera) eta kiroldegian gimnasio berria. Guztiak ere, alderdien elkarlanetik eratorriak. 

Beste gaien artean, Goiener elkartearekin Udalaren hitzarmena onartu da eta lankidetza garapenerako Udal aurrekontuaren %1ren banaketa adierazitako helburuetarako bideratzea onartu da. 

Honela bada, kopuruei dagokionez Udalaren 2018rako aurrekontu propioa 16.287.458 eurokoa da. Udal kirolaren erakundearena 738.636,50 eurokoa, Loinatz Musika Eskolarena 684.039,76 eurokoa eta Udal Euskaltegiarena 434.745 eurokoa. Aurrekontu bateratua beraz, 16.919.616,04 eurokoa da.

Bestalde, gobernu batzordean, onespena eman zaie beste hainbat gaien artean Egitasmo Orokorra esleitzeko proposamenari. Lan hau, SABAI enpresari esleitu zaio eta datozen urteetan hirigintza arloan Beasaingo Egitasmo Orokorra gauzatuko du. Bestalde, batzordearen onespena jaso du Beasaingo Udala eta La Salle ikastetxearen arteko hitzarmenak. Honela, ikastetxeko kirol instalakuntza eraberrituak erabilera publikoa izango du eta BKL saskibaloi taldeak erabiltzeko gaitasuna izango du.