Uztailean eta irailean egindako abiadura-kontrolerako kanpainen emaitzen arabera, kale horiek izan daitezke arriskutsuenak

Kanpaina hauen bidez, oinezkoen segurtasuna bermatzen jarraitzea da Udalaren helburua

Hiriguneko abiadura-mugak errespetatzeko gidariak kontzientziatzen jarraitzea da Udalaren helburu nagusietako bat. Beasain “30 hiria” da eta bide-segurtasunari buruzko legeak 30 km/h-ko abiadura-muga ezartzen du hiriguneetan. Horren ondorioz, eta egungo Udal gobernuak Beasain udalerri erosoagoa, seguruagoa, bizigarriagoa eta herritarren beharretara egokituagoa  izan dadin, eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, gidariei abiadura muga errespetatzeko beharraz jabetu eta kontzientziatzeko ekimenak eginez jarraitzen du.

Uztailean eta irailean bi egunez, abiadura kontrolatzeko udalerriko hainbat lekutan egindako kanpainak hainbat datu utzi ditu. 

Abiadura-muga non gainditzen da gehien

Kanpainak iraun zuen bi egunetan, radarrak 3.143 ibilgailuen joan-etorria atzeman zuen. Horietatik 858 ibilgailuk baimendutako abiadura-muga errespetatu zuten. Horrek esan nahi du ibilgailuen % 72,7k 30 km/h-ko gehienezko abiadura gainditu zuela. 2021eko abenduan egindako abiadura kontrolatzeko kanpainarekin alderatuz, datu horrek adierazten du arau-hausteek behera egin dutela, orduan atzemandako ibilgailuen % 83,6k gainditu bait zuten abiadura muga.

Abiadura-muga gainditzen duten ibilgailuen kopuruagatik arriskutsuak izan daitezkeen eremuei dagokienez, udalerriko sarbide nagusiak dira nabarmenenak; alegia, Igartza Oleta (% 83,8k abiadura gainditzen zuten) eta Ezkiaga etorbidea (% 74). Eta Trenbide kalean % 77,8k gainditu zuten arauzko gehienezko abiadura. Aitzitik, abiadura-muga gehien errespetatzen den kalea Oriamendi kalea da, non ibilgailuen %41,4k baimendutako gehieneko abiadura gainditu zuten.

Adierazi ere, Ezkiaga etorbidean eta Trenbide kalean 60 eta 62 km/h-ko abiaduran zihoazen ibilgailu bi atzeman zirela. 3.143 ibilgailuen joan-etorrietatik 146 isun jarri ziren, gehienak 46-50 km/h-ko abiaduran zirkulatzeagatik.

Udalaren helburua gidariak horretaz jabetu eta baimendutako gehieneko abiaduraren azpitik ibil daitezen ohartaraztea da. Oinezkoek edo txirrindulariek istripu batean hiltzeko duten probabilitatea areagotu egiten da ibilgailuaren abiadura handiagoa den heinean. OMEren eta OCDE/ECMTren nazioarteko zenbait azterlanen arabera, 30 km/h abiaduran harrapaketa gertatuz gero, heriotza gertatzeko probabilitatea %10ekoa da – hots, %90ean bizirik irten daiteke –, baina heriotza gertatzeko probabilitate hori % 80raino handitzen da 50 km/h-ko abiaduran, eta % 100era iristen da 60 km/h-tik aurrera.