Inguruko trafiko eta oinezkoen segurtasunerako beharrezko lanak egin dira

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Leire Artola Beasaingo alkateak Ugartemendiko biribilgune amaitu berria bisitatu dute. Lau hilabete eta erdiko lanen ondoren, dagoeneko martxan dago oinezkoentzat eta trafikoen bide segurtasunarentzat beharrezko azpiegitura berria.

Diputatuak nabarmendu du amaitu berri den biribilguneak nabarmen hobetuko duela eremuaren segurtasuna. “Eremu honetan etxebizitzek eta enpresek bat egiten dute Txindoki Hezkuntza Instituturako sarrerekin eta irteerekin, eta horiek ere elkargune horretatik egiten dira. Soluzio horrekin mugimenduak ordenatzen dira eta, aldi berean, abiadura murrizten da adar guztietan”, azaldu du.

Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu duenez Ugartemendiko biribilguneak trafikoaren arintasunari eta segurtasunari lagunduko dio lurraldeko enpresa nagusietako batek eragiten dituen trafikoak pasatzen diren puntu honetan, eta horrek mugikortasun seguruagoa eta erosoagoa ekarriko du. "Beasaingo bidegurutze honek irtenbide bat behar zuen, puntu honetan pilatzen den trafiko ugariak arrisku eremu bihurtu bait du. Trafikoaz gain, proiektu honetan herritarren segurtasuna hartu da kontuan, eta, bereziki, bizilagunena, enpresak ahaztu gabe. Biribilgune berriak asko erraztuko du N-Ierako sarbidea CAFetik sartu eta irteten diren kamioientzat, aurreko bidegurutzeak zailtasun handiak sortzen baizizkien ", adierazi du diputatuak.

Beasaingo alkate Leire Artolak eskerrak eman dizkio Aldundiari proiektuarekin udalak aspalditik ikusten zuen beharrari erantzuna eman diolako. “Beasaingo bidegurutze honek konponbidea behar zuen bertan pilatzen den trafikoak puntu beltza bilakatu zuelako.  Beasain eta inguruko herrietatik N1 errepide nagusira iristeko bidegurutzea da. Beraz segurtasuna hobetzeko eraikuntza erabakigarria izan da. Trafikoaren segurtasunaz gain, herritarrena eta, bereziki, auzotarrena hartu dira kontutan proiektu honetan, enpresen garraio berezien beharrak ahaztu gabe, CAFen kasua esaterako”, adierazi du alkateak. 

Ugartemendiko T formako bidegurutzea ordezkatzen duen biribilguneak 28m-ko kanpo-diametroa, 5 metroko zabalerako eraztuna eta 4 metro gehiagoko irlatxo zapalgarria ditu. Arreta berezia jarri da garraio berezien mugimenduetan, beharrezko azterketa geometrikoak egin dira eta ezaugarri hauek kontuan hartu dira biribilgunearen diseinuan. Hori dela eta, biribilgunearen ertzak altuera gutxi dute garraio handiek zapaldu ditzaten behar dituzten mugimenduetan. Gaur egungo oinezkoen mugimenduek bere horretan jarraituko dute.

Oiarbidek gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, bide-segurtasuneko lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa bat duela martxan, eta Ugartemendiko T moduko bidegurutzea biribilgune bihurtzea programa horren barruan dagoela.

Ugartemendi biribilgunea 20220711 1 Ugartemendi biribilgunea 20220711 2