Beasaingo Mugikortasun Jasangarrirako Planaren diagnostikoan parte hartzeko inkesta ostiral honetan itxiko da eta Udalak herritarren eta enpresen iritzia jasotzeko deia zabaltzen du

Mugikortasun Plana osatzeko lehen fase honetako eginkizuna egungo egoeraren diagnosia egitea da. Proposatzen diren lanen helburua udalerriko mugikortasunarekin zerikusia duten alderdi orokorren herritarren balorazioa jasotzea da. Alde batetik, udalerriko egoerari buruz dagoen iritzia ezagutu nahi da mehatxuak eta aukerak hautemateko joan-etorriak egiteko modu desberdinei buruz (oinez, bizikletaz, garraio publikoa, ibilgailu pribatua). 

Horretarako jarrita dago herritarrei zuzendutako inkesta. Galdetegia edonoren eskura argitaratuta dago helbide honetan eta norbanako, elkarte, eragile orori zabaldua dago martxoaren 18a bitartean. 

Bizi kalitatea hobetzea eta klima aldaketari aurre egitea 

Beasaingo Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planak (HMJP) hasi du bere ibilbidea. Udalak martxan dituen helburuen baitan, etorkizuneko estrategiak zehazteko eta planifikatzeko, desplazamenduak modu jasangarrienean sustatzeko tresna izango da. Oinez, bizikletaz, eta garraio publikoan, gizarte kohesioa eta ingurumenaren babes eta defentsan oinarrituz, udalerrian bizi, lan egin edo edonolako aktibitatea garatzen dutenen bizi kalitate hobea bermatzea izango du xedea.

Honela, garraio eraginkorragoak, irisgarritasuna, osasun baldintzak, segurtasuna eta mugikortasun eredu jasangarriagoak bultzatzea da helburua. Mugikortasun jasangarrirako plana, mugikortasunaren arloan parte hartzeko eta erabakiak hartzeko prozesu tekniko eta soziala da eta honen gauzatzea fase ezberdinetan zatitua dago.

Kale mailan hainbat datu jasotzen ari dira; aparkamenduen plaza kopurua tipologiaren arabera eta hauen okupazio maila, bidegurutzeen kategorizazioa, oinezkoen pasabideetako egoera, seinaleztapena eta irisgarritasuna, garraio publikoko geltokien inbentario eta balorazioa, bizikleten aparkaleku eta ibilbideen inbentarioa etab. Aparkalekuen errotazio maila eta ibilgailuen mugimenduak intersekzioetan zenbatuko dira.

Bigarren fasean, parte hartze saioa burutuko da herritarrei irekitako tailerrarekin. Mugikortasunarekin harreman zuzena, interes berezia edota euren aktibitateak honekin zerikusia duten Udalerriko eragile, entitate eta elkarteen presentzia sustatuko da. Bertan diagnostikoak emandako emaitzak azaldu eta aztertuko dira ondorioak edo emaitzak biltzeko.

Hirugarren fasean, helburuak eta etorkizuneko agertokiak baloratuko dira. Eragile bakoitzaren lehentasunak ezagutu beharko dira, plana eta proposatutako neurriak haiekin kontrastatzeko, hasierako eskakizunak eta helburuak bete diren jakiteko.

Azken jarraipen-fasean, eragile horien iritziak ere txertatuta egon beharko dute. Jarraipen- eta ebaluazio-planaren unea izango da.