Uztailaren 2an, ostirala ibilgailuen trafikoari irekiko dira errepidearen bi norabideak

Oinezkoen segurtasunean eta herri barruko trafikoaren hobekuntzari begira burututako lana izan da 

Ostiral honetan Igartza Oleta kaleko lehenengo zatia ibilgailuen trafikoarentzat bi norabidetara irekiko da. Irekiera hau hasiera baten behin-betikoa izango den arren gerta daiteke puntualki norantza bat moztea inguruan burutzen ari diren lanengatik, Dolarea parkean esaterako. 

Honela bada, Beasaingo Udalak aurten aurreikusita dituen egitasmo nagusien artean udalerriaren sarbidean, hobekuntzak ekarriko dituen proiektua gauzatu du. Gauzak horrela,  hiru helburu nagusi lortu nahi dira lan honekin; oinezkoen segurtasunean eta ingurugiroan aurrerapausoak ematen jarraitzea, herriko sarbidean gure ondarea ikusaraztea eta herri barruko trafikoaren puntu beltzak arintzea.

Trafikoaren puntu beltzak arintzea

Udal gobernuak hobekuntza lan hauek erabakitzeko orduan, hiru udaltzainburu eta azken hogeitaka urtetan trafiko azterketak burutu dituen enpresa izan ditu bidelagun.

Izan ere, bi puntu beltz nagusitu dira 2015etik hona herrian: Barrendaingo biribilgunea (tren geltokikoa) eta Zapatari eta Nafarroa Etorbideko bidegurutzea: oinezko, txirrindu, patinete, korrikalari eta ibilgailuen gurutza-lekuak biak.

Herriko goiko kaleetan (Foru, Oriamendi, Nekolalde…) bizi direnak, bi gune arriskutsu horiek gurutzatu behar dituzte derrigor euren etxeetara joateko. Norabide bikoitzak ibilgailu guzti horiek herrirako sartu irtetea zuzenago egitea ekarriko du, ingurugiroan ere eraginez ezbairik gabe eta ondorioz herritarren ongizatean eta bizi kalitatean.

Udal gobernuak etorkizuneko Beasain, erosoagoa, bizigarriagoa, atseginaroa eta irisgarriagoa, erakunde, alderdi, eragile eta herritar guztiekin lankidetzan marraztearen alde lan egiten jarraituko du.