Udaltzainek hurrengo astean zaintza pedagogikoa egingo dute ibilgailu hauen gidariei indarrean sartu den araudiaz informatzeko

Urte berrian sartzearekin batera, Udaltzaingoa urteko egun guztietan eskaintzen hasi da zerbitzua udalerrian 

Urtarrilaren 2tik indarrean dagoen araudiak ezarritakoaren arabera, datorren astetik aurrera Beasaingo Udaltzaingoak motor elektrikoz bultzatutako gurpil bat edo gehiago eta plaza bakarra duten patineteetako gidariak informatzeko kanpaina burutuko du. Izan ere ibilgailu hauek Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailutzat (MPI) hartzen dira ondorio guztietarako eta beraz, zirkulazio-arauak beteko dituzte, autoek eta motorrek bezala (alkohola, drogak, eta abar).

Zirkulazio arauak bete behar izatetik kanpo geratzen dira mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak. 

Patineteentzako arauak

Aipatutako motor elektrikoz bultzatutako patineteak eta MPIak, ibilgailuak dira ondorio guztietarako, beraz ibilgailu guztien eskubide eta betebeharrak dituzte. Patineteek 6 eta 25 km/orduko abiadura bitartean zirkulatu behar dute, eta inoiz ezingo dute espaloietatik zirkulatu ezta oinezko guneetatik. Debekatuta izango dute, halaber, hiriarteko bideetan, zeharbideetan, autobideetan, autobietan edo hiri-tuneletan zirkulatzea.

Ziurtagiria

MPIek edo mugikortasun pertsonaleko motor elektrikodun ibilgailuek zirkulazio-ziurtagiria beharko dute, baldintza teknikoak betetzen dituztela egiaztatzeko. Baldintza horiek laster Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen batek jasoko dituen ezaugarrien eskuliburuan jasoko dira. Ziurtagiri hori nahitaezkoa izango da aipatutako ebazpena argitaratzen denetik bi urtera.

Udaltzaingoa 365 egunez zerbitzua eskaintzen

Honi lotuta aipatu, udal gobernuaren legealdi planean jasota zegoen helburuetako bat bete dela, hots udaltzaingoak urteko egun guztietan zerbitzua eskaintzea. 2021ean sartzearekin batera, Beasaingo udaltzaingoa hasi da etenik gabe, asteburu zein jai egunetan udalerriari arreta eta zerbitzua eskaintzen.