Beasaingo Udalak edizio honetako programan 5 ekintzekin parte hartzen du, tartean eskualdeko hainbat herriekin batera elkarlanean antolatutako kultur jarduera interesgarriak daude

Egitasmo hau Europatik datorren eredu bati jarraituz sortu zen eta Donostiaz gain Gipuzkoako hainbat herrik parte hartzen dute; helburua familiek kultur aisialdi jarduerak elkarrekin egitea da

Guztira 137 jarduera izango dira urriko asteburuak kulturaz josiko dituztenak: antzerkia edo zinematik hasita talo tailerrak arte, besteak beste. Horietatik 29 Goierrin eskainiko dira eta 5 Beasainen. Izan ere berrikuntza, aurtengoan, Goierritik dator. Hainbat herrik batera, kultur jarduera interesgarriak antolatzeko elkarlanean jardun dute, ondo pasa eta eskualdeko txoko berriak ezagutzeko aukera paregabea eskainiz.

Igartzako jauregian egindako aurkezpenean Aitor Aldasoro alkateak ongietorria egin die Donostiako Udaleko, Diputazioko eta parte hartzen duten hainbat herrietako kultur ordezkari eta teknikoei. Aurkezpen hau Beasainen burutzea eskertu du Gipuzkoa bere osotasunean hartzen badu ere, Beasain eta Goierri balioan jartzen duelako bereziki familian gozatzeko kultur jardueren antolakuntzan. Beasaingo Udalak ekitaldi hauekin parte hartu du egitarauan: urriaren 7an Gurpil Festa Bideluze plazan, urriaren 8an mendi buelta dinamizatua, urriaren 15ean ipuin kontaketa Igartzako monumentu multzoan, urriaren 21ean toki berean bisita gidatu antzestua eta urriaren 28an Bideluze plazan Reciclonk ekitaldia.

Hip-hip Urri!ko antolatzaileek nabarmendu dute, Goierriko hainbat herrietan Hip-hip URRI!ren aterkiaren pean lankidetzarako egiten ari diren ahalegin handia. Egitasmo honek kultura sustatzeko baliabidea izan behar duela sinetsita, eskualdeko kultur eskaintza koordinatu eta elkarlanari bultzada emateko helburuarekin, hainbat herrik batera jarduera oso interesgarriak proposatzeko lan egin dutelako.

Urriaren 1ean, eman zitzaion hasiera Donostiako Ikertze Kultur Elkarteak antolatzen duen Hip-hip URRI! egitasmoaren ekitaldi berriari. Hip-hip URRI!k 2001ean Herbeheretan sortutako ideia bat hartzen du hizpide, eta helburua familiek kultur aisialdi jarduerak elkarrekin egitea da, haurrak txikitatik kulturaz gozatzera ohitu daitezen.

Egitarauan biltzen diren proposamenak mota oso ezberdinetakoak dira: Antzerkia, zinema, musika, dantza, ipuin kontaketak, bisita gidatuak, jolasak, sukaldaritza tailerrak, eskulanak, adin guztietarako erakusketak … Jarduera guzti hauek dohainik izango dira adingabeentzat eta urriko asteburuetan egingo dira.