Beasaingo produktu izarraren urtaroan sartuta eta azaroko lehiaketaren atarian, odolkia baloratzekoan kontutan hartu beharreko ezaugarriak zein diren jakinarazi nahi da

Udazken garaiko produktuak balioan jartzeaz gain azokan erosteko ohitura eta baserritarren lana balioan jartzea dira larunbateko azokaren helburu nagusiak

Azaroko odolki lehiaketaren atarian, urriko azoka larunbat honetan, hilaren 7an, izango da. Oraingo honetan protagonista odolkia izango da. Odolkia balorotzeko garaian kontuan hartu behar  diren ezaugarriak zeintzuk diren jendeari jakinarazteko helburuarekin, eguerdiko hamabietan odolki dastatze gidatua eskainiko da Beasaingo Odolki Kofradiaren eta Plazape tabernaren eskutik.

Larunbat honetarako, egitarau oparoa antolatu da. Ez da faltako odolki pintxorik eta euro baten truke izango dira Plazape tabernan. Haurrentzat  11:00etan eta 12:00etan barazkiez egindako musika-tresnen tailerra emango da eta 12:00etan denontzat “Sardina Bakalau” kale animazioa egongo da Anita Maravillas konpainiaren eskutik. Hori guztia Loinatz Musika eskolako panderojole eta trikitilariek girotuta.

Udalaren helburua egitasmo honetan, orain arte bezala, garaiko produktuak balioan jartzea da. Honekin batera, ohiko produktuak saltzen dituzten baserritarren lana balioan jarri nahi da azoko biziberritzeko konpromisoari lotuta. Azokan erosketak egiten dituztenen artean azokako produktuez osatutako bi saskiren zozketa egingo da.

Datorren larunbaterako prestatu den egitaraua, Beasaingo Udalaren web orriko agendan aurkitzen da eguneratua eta hauxe da:

10:00 Garaiko produktuen azokaren hasiera.

11:00 eta 12:00etan, Barazkiekin egindako musika-tresnen tailerra.

12:00 “Sardina Bakalau” kale animazioa Anita Maravillas konpainiaren eskutik.

Ordu berean: Odolki dastatze gidatua. Antolatzailea: Beasaingo Odolki Kofradia eta Plazape. Izen-ematea (doakoa): Plazape taberna

Loinatz Musika Eskolako trikitilari eta panderojoleek kaleak eta azoka girotuko dituzte.

13:30  Azokako produktuez osatutako 2 saskiren zozketa azokan erosketak egindakoen artean.

14:00 Bertako produktuen azokaren amaiera.