Larunbatean egun osoan -doan eta irekian- eskainiko diren entzunaldietan 41 hautagien interpretazioak entzungo dira: 19 Gradu mailako ikasle eta 22 Masterrekoak

Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekaren VIII. edizioak, Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea du helburu, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan

Egun bakarrean, publiko guztiari irekitako musika ikasleen kontzertuak entzuteko aukera berria izango da Igartza Musika Bekaren VIII. edizioan. Igartzako jauregian, abenduaren 2an, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleak euren onena eskainiko dute.

Irekia eta doakoa

Kontzertu-entzunaldi guztiak publikoari guztiz irekiak direla azpimarratu behar da, alegia, nahi denean sartu eta nahi den denboraz egon daitekela entzuten. Oso giro berezia eta jatorra sortzen da interpreteen eta publikoaren artean, musikari gazte hauen talentua aparta da eta ikus-entzuleak euren balorazio eta apostuak egiten dituzte irabazleak zeintzuk izan daitezken asmatzeko orduan.

Kontzertu-emanaldiak goizean 9:00etatik 14:00etara eta arratsaldean 15:30etik 19:00etara luzatuko dira. Goizean bi atseden tarte izango dira eta arratsaldean bat. Entzunaldi saioen artean sartu eta atera ahal izango da publikoa. 

Sariak 19:45ean banatuko dira. Beasaingo Udalak sortutako bekak, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenen ikasteko diru laguntza ematen du: Gradu Beka saria 2.200 euro eta Master Beka saria 3.300 euro. Beka saria amaitzean, ikasleek esperientzia asko partekatzen dituzte, eta elkar ezagutzeko aukera izaten dute. 

Nazioarte mailako ikasleak

Aurkeztu diren ikasle kopuruan, estatu eta nazioarte mailako herrialde ezberdinetako ordezkariak aurkitzen dira. Estatutik: Madrid (4), Galizia (2), Alacant (2), Salamanca (1), Granada (1), Málaga (1), Santander (1), Cadiz (2), Ciudad Real (1), Valladolid (2), Bartzelona (1), Zaragoza (1), Jaén (2). Euskal Herritik, Gipuzkoatik (4), Bizkaiatik (1) eta Arabatik (1). Atzerritik: Colombia (4), Venezuela (2), Txina (1), Perú (1), Portugal (3), Cuba (1), Frantzia (1) eta Britainia Handia (1) dira.  

Aurtengo edizioko epaimahaia Marta Moll del Alba Mendoza, Damián Martinez Marco, Jesús Echeverría Jaime eta Arantxa Gastesik osatuko dute. Entzunaldi guztiak amaitzean epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da. Ikus pdf egitaraua (185 KB)

Irabazleen emanaldia Beasainen

Udal gobernuak, kultura arloan musikarekin lotura duen egitasmo nagusietakoa da Igartza Musika Beka. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen 2016an Euskal Herriko Goi Mailako Musika Zentroa den Musikenerekin sinatutako lankidetzari esker, eta Igartza Musika Programaren osagarria da. Halaber, Euskal Herrian kultura sustatzea eta musika hedatzea du helburu, bereziki goi mailako musika-hezkuntzaren esparruan

Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du. Irabazle izaten direnak Beasainen datorren urtean kontzertua eskaintzeko konpromisoa hartuko dute. 

igartza musika beka abenduak 2