“Kuttune” taldeak irekiko du musika emanaldien urteko bigarren erdia Erauskin plazan ostegun honetan 

Abendura arteko egitarauan musika estilo guztietako talde eta musikariez gain Musikenerekin Udalak duen lankidetzari esker, talentu goreneko ikasleen emanaldiak egongo dira

Datorren ostegunean izango da Igartza Musika Programa zikloaren hurrengo hitzordua. Hain zuzen ere, aurtengo bigarren seihilekoaren egitarauari hasiera emango dion kontzertuak irekiko du abendura arte luzatuko diren emanaldiak. 

Honela bada, kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz antolatu diren emanaldiak aurkeztu dituzte udal agintari eta zikloaren arduradunek. Leire Artola alkatea, Mariola Pascual kultura zinegotzia eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak eskainiko diren 9 emanaldien xehetasunak azaldu dituzte.

Leire Artolak aurkezpenean adierazi duenez “ziklo hau martxan jarri zela badira ia zazpi urte eta erantzuna ezin hobea izaten ari da. Udalerriko leku ezberdinetara zabaldu dira emanaldiak. Helburuei eusten diegu, hots, musika zaletasuna zabaldu aukera anitza eta aberatsa eskainiz publikoari”. Antolatzaileek adierazi dute finean Beasaingo Udalak kulturan egiten duen inbertsioa dela Igartza Musika Programa egitasmoa. Jendea kultura eta musikarekin janzteko, Beasain herri musikazalea bait da. 

Kuttune taldea ostegun honetan

Xabier Sarasolak hartu du hitza, egitarau osoa eta datozen astetan burutuko diren kontzertuei buruzko informazioa aurreratzeko. Etzi, uztailaren 13an izango da lehen emanaldia, Erauskin plazan gaueko 21:30ean. Bertan, Nerea Quincoces, Artziniegako perkusionistak bultzatutako Kuttune folk-fusio taldeak 'Hauxe da' lehen diskoa aurkeztuko du. Euskal erritmoen eta iberiar penintsulako beste batzuen arteko nahasketa eta Kubako eta Afrikako musikaren presentzia handia dago lan honetan, batzuetan jazzerantz poliki lerratzen dena. 

Euskal kantutegitik bildutako kantu tradizionalak osatzen dute diskoa, moldaketa berriekin eta sonoritate folklorikoetan oinarritutako beste konposizio batzuekin, modernoagoekin nahastuta. Irene Gil, Aingeru Torre, Pablo Davila, Jordi Arcusa, Tania Loza eta Pablo Bueno musikariak alboan izango ditu Quincocesek.

Hemengo musikari eta taldeak

Lehen kontzertuaz gain, egitaraua beste zortzi emanaldiek osatzen dute. Abuztuaren 24an, Janus Lester taldearen txanda izango da Erauskin plazan 21:30ean. Jokin Pinatxo beratarraren banda ikusgarria eta dibertigarria da. Arima beltzekoa eta 80ko eta 90eko hamarkadetako dantzaren oinordekoa, erritmo sinkopatuak, elektronika eta funka uztartzen dituena, konponketa erabat original eta garaikideekin. 

Irailaren 15ean, Ianire Aranzabe ordiziarraren Esanezin proiektuaren txanda izango da Igartzako jauregian 21:00etan. 

Urriaren 1ean aldiz, Iñar Sastre piano jotzaile anoetarrak inprobisazio musikalean eta zinema esperimentalean oinarritutako 'Illusions' ikuskizuna aurkeztuko du Xabier Zeberio Oskorri taldean aritutako bibolin jotzailearekin batera. Igartzako jauregian 19:00etan izango da. 

Urriaren 22an, Igartzako jauregian eta 19:00etan, Loinatz abesbatzaren emanaldia izango da Aitor Garitanoren zuzendaritzapean. 

Azaroan, data eta ordua oraindik finkatu gabe egon arren, Tolosako abesbatzen nazioarteko lehiaketa burutzen den garaian, bertan parte hartzen duten abesbatzetako baten kontzertua izango da Beasainen.

Azaroaren 19an, eta Andre Mari Zeruratuaren parrokian 19.00etan, Aitor Alvarez beasaindarra eta Oscar Rodriguez musikarien kontzertua izango da. 

Abenduaren 2an, Igartza Musika Bekara aurkeztutako Musikeneko ikasleen entzunaldiak egongo dira egun osoan. Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza beste urte batez berritu du. Honi esker, Igartza Musika Beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek entzunaldietan parte hartuko dute.

Azkenik abenduaren 16an Loinazko San Martinen basilikan 19:00etan, Loinatz abesbatzak Eguberriko kontzertua eskainiko du. Aitor Garitanoren zuzendaritzapean urteroko saioa eskainiko dute Beasaingo abesbatzako kideek. 

Antalatzaileek nabarmendu dute, egitarauan aldaketak izanez gero, zehaztasunak uneoro web orrian argitaratuko direla. Emanaldi bakoitzaren azken orduari buruzko informazioa aurreko egunetan jakinaraziko da. Emanaldi guztiak irekiak eta doakoak dira. 

Igartza Musika Programa eskuorria 2. seihilekoa 2023 page 0002