Olatz Mitxelena Larretak “Arrain hezur bat eztarrian” ipuin-liburua aurkeztu du Igartzan eta aldi berean, Igartza Literatur Sorkuntzako Bekaren 26garren edizioan idazle gazteei parte hartzeko deia zabaldu zaie

XXIV. Igartza Literatur-sorkuntzako bekaren lan irabazlea eskura daiteke jada. 2021ean “Arrakalak” izenarekin saritua izan zen proiektua, garatu, landu eta ondu du Olatz Mitxelena Larretak eta Igartzako jauregian bildutakoen aurrean aurkeztu da “Arrain hezur bat eztarrian” izenburupean.  

Egile oiartzuarrak idazle gazteei zuzendutako Igartza Literatur Sorkuntzako Beka Sariari esker ondutako bere lehenengo ipuin liburua da. Liburuak hamar ipuin jasotzen ditu. Ipuin oso desberdinak, non min mota desberdinak adierazten diren. Isiltasuna, komunikazio falta, esatera ausartzen ez garena “arrain hezur bat eztarrian gelditzen den hitza” delako. Ipuinetan aztertutako gaiak mundu propioak, min mota desberdinak, logikaren galera adierazten dutenak, zahartzaroa, errealitatearen pertzepzioa edo hizkuntza dira.

Liburuaren aurkezpenean idazle sarituaz gain, Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko arduraduna Xabier Mendiguren eta CAF enpresako euskara arduraduna Bianditz Iraola izan dira. 

Aurkezpenean, Artola alkateak, bekaren garrantzia eta balioa azpimarratu zuen. “Beasaingo Udalak tokiko eragileekin lankidetzan kultur proiektu anitz aurrera eramaten ditu. Baina Igartza Literatur Beka berezia da guretzat; gure ikur eta izatearen adierazle bilakatu da. Beasain euskal mapan kokatu du eta euskal literatur sorkuntzaren erreferentea da”. Alez ale uzta oparoa dela gaineratu zuen helburu argi eta zehatz batekin; “sormena eta euskara batuz, gure hizkuntza hilezkor izaten laguntzea”.

XXVI. ediziora aurkezteko deia

Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Idazle gazteentzako aurtengo Igartza Literatura Sorkuntzarako Bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. Oinarriak Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. 

XXVI. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Edizio honetarako epaimahaia Irati Jimenez Uriartek, Garazi Kamio Anduagak eta Aintzane Usandizaga Lopezek osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean Igunean edo on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2023ko irailean. Bekaren diru saria 6.000 eurokoa izango da.

Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko. Une honetan lantze eta ontze bidean dago Lizar Begoña Madariagaren "Itzalkinak eguzkitan" proiektua, XXV. edizioko irabazlea.  

igartza literatura beka 20230316 8