Musika estilo aniztasuna adierazten duten bederatzi emanaldiz osatua dago Igartza Musika Programaren bigarren seihileko egitaraua 

Musikenerekin elkarlanean jarraituz, talentu goreneko ikasleak Igartza Musika Bekaren sariak eskuratzeko entzunaldietan izango dira 

Kultura eta musikaren aldeko apustu sendoaren konpromisoari eutsiz uztailetik abendura antolatu diren emanaldiak aurkeztu dituzte udal agintari eta antolatzaileek. Leire Artola alkatea, eta programa egituratzeko ardura duten Xabier Sarasola eta Arantxa Gastesi Loinatz Musika Eskolako arduradunak eskainiko diren 9 emanaldien xehetasunak azaldu dituzte.

Bertan egindako estiloen aniztasuna

Leire Artolak aurkezpenean adierazi duenez “ziklo hau martxan jarri zela badira ia sei urte eta erantzuna ezin hobea izan da. Pandemiak nolabaiteko etena eragin zuen baina jakin dugu gainditzen. Izan ere, udalerriko leku ezberdinetara zabaldu dira emanaldiak. Helburuei eusten diegu, hots, musika zaletasuna zabaldu eskaintza anitza eta aberatsa zabalduz publikoari”.  Antolatzaileek adierazi dute finean Beasaingo Udalak kulturan egiten duen inbertsioa dela Igartza Musika Programaren asmoa. Jendea kultura eta musikarekin janzteko, Beasain herri musikazalea bait da. 

Sarasolak adierazi duenez, “0 Km-ko produktua eskaintzen ahalegindu gara”. Eta halaxe da, iparraldeko Cumbiam Bero, Urbil Artolaren Howdy Bluegrass, Xabi Aburruzaga Band, Peio Ospital, Mixel Ducau, Paul Smet eta Andoni Salamero edo Jon Maiaren proiektu berria dira egitarauko izen propioak. Guztiak Euskal Herrian finkatuak. Hauetaz gain, Loinatz abesbatza, Tolosako abesbatzen lehiaketara etorriko den koruetakoren bat eta Igartza Musika Bekan entzunaldiak eskainiko dituzten Musikeneko ikasleak izango dira Beasainen. 

Agertokiak orain arte bezala, Igartzako jauregiaz aparte, Usurbe Antzokia, Erauskin plaza eta Loinazko San Martinen basilika eta Andre Mari zeruratuaren parrokia izango dira. Azken honetan egingo diren lanak uzten duten heinean. 

Musikenerekin Udalak duen hitzarmen-lankidetza beste urte batez berritu du. Honi esker, Igartza Musika Beka ekitaldian Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutako ikasleek entzunaldietan parte hartuko dute. 

Cumbia erritmoek irekiko dute egitaraua

Egitaraua irekiko duen lehen emanaldia Cumbiam Bero iparraldeko taldeak eskainiko du. Uztailaren 14an arratsaldeko 20:30ean izango da Erauskin plazan. Afro-amerikar erritmoak uztartzen dituen musika estiloarekin ariko dira iparraldekoak eta Dantzaki eskolakoak izango dira emanaldian. 

Abuztuaren 4an Erauskin plazan 20:30ean ere, Urbil Artolak, Jose Mari Pulido, Gorka Arranz, Jon Arzelus eta Julen Maestrorekin osatzen duen Howdy Bluegrass taldeak EEBBtako tradiziotik sortutako blues, jazz, country doinuen nahasketa berritzaileak eskainiko dituzte.  

Irailera pasaz, 30ean Usurbe antzokian 20:30ean Xabi Aburruza Band-ek Aurrez Aurre proiektua aurkeztuko du. Triki munduan ezaguna, azken 20 urte hauetako lanen seigarren bilduma eskainiko du. Aukeran dantza taldea izango du lagun. Sarrerak 12 euroan egongo dira salgai. 

Urrian aldiz, 9an lau kantari ezagunez osatutako ikuskizuna izango da Igartzako jauregian 19:00etan. Peio Ospital, Mixel Ducau, Paul Smet eta Andoni Salamero, Arnasa…Hatsa…Bizia izeneko proiektuarekin aurkeztuko dira Beasainen. Urriaren 23an bertako Loinatz abesbatzaren txanda izango da Loinazko San Martinen baselizan 19:00etan.

Azaroaren 2rako aurreikusita dago Tolosako abesbatzen nazioarteko lehiaketa burutzen dela aprobetxatuz, bertara aurkeztuko den nazioarte mailako abesbatza baten kontzertua. Data eta ordua zehaztu gabe dago oraindik. Kontzertua Andre Mari Zeruratuaren parrokian izatea espero da. 

Azaroaren 19an Musikeneko ikasleen txanda izango da. Igartza Musika Bekaren sariak emateko entzunaldiak burutuko dira Igartzako jauregian, aukeraketa saio-kontzertu irekiak izango dira egun osoan. 

Apostu indartsua ere azaroaren 25ean eskainiko den emanaldiarekin etorriko da. Jon Maiak Kantu bat gara proiektua aurkeztuko du. Bertso munduan ezaguna bada ere, talde eta abeslari askoren kantuetako hitzen egilea da. Sortu dituen hitzekin eta hainbat musikariekin sortu duen ikuskizuna da Beasainen eskainiko duena. Usurbe antzokian izango da 20:30ean eta sarrera 12 euroan izango da. 

Azkenik abenduaren 18an Andre Mari Zeruratuaren parrokian 19:00etan, Loinatz abesbatzak Eguberriko kontzertua eskainiko du. Jon Aizpururen zuzendaritzapean urteroko saioa eskainiko dute Beasaingo abesbatzako kideek. 

Egitarauan aldaketak izanez gero, zehaztasunak uneoro web orrian argitaratuko dira. Emanaldi bakoitzaren azken orduari buruzko informazioa aurreko egunetan jakinaraziko da.