Izena emateko epea amaitzerako bete da plaza kopurua eta orotara 50 haur eta gaztetxo izango dira euskara helburu hartuta aisiaz eta naturaz gozatuko dutenak

Udalak antolatutako euskarazko udalekuetan parte hartzeko deialdiak erantzun ezin hobea izan du herritarren artean. Plaza kopurua mugatua zen eta izena emateko epea amaitzear zegoenean bete zen. Honela bada, udal arduradunen iritziz, udalekuen eskaintzari erantzun ezin hobea eman diote herritarrek eta arrakastatsutzat eman dute parte hartzeko egindako deialdia. Guztira 50 haur eta gaztetxo izango dira Udalak sustatutako zerbitzu honetaz baliatuko direnak.  

Euskararen jakintza eta erabilera aisiarekin lotuta bultzatzea helburu duten udalekuak uztailaren 19tik uztailaren 28ra burutuko dira. Bizkaiko Arratia eskualdeko Artea eta Zeberio herrietan izango da egonaldia. Udan euskara hobetu eta  naturaz gozatzeko aukera ederra eskaintzen du honela Beasaingo Udalak eta bide batez ere eskolen opor garaian familien kontziliaziorako lagungarria izango den zerbitzua ere izatea nahi du . 

Beasaingo Udalak, bizi dugun egoera berezi honek baldintzatuta osasun eta segurtasun neurriak kontuan izanda antolatu ditu udalekuak Eusport enpresaren laguntzarekin . Osasun agintariek ezarritako baldintzak betez parte hartzaile guztien osasuna bermatuko da. Egitasmo hau, udal gobernuaren legealdi planean helburu nagusien artean jasota eta iragarrita geratu zen eta konpromiso hori betez gauzatu du. 

Euskara, natura eta kirola

Euskara, natura, kirola eta aisia oinarritzat dituen egitarauarekin antolatutako udalekuak Bizkaiko Arratia-Nerbioi eskualdeko Artea eta Zeberio herrietan burutuko dira. 2021eko uztailaren 19tik 28ra luzatuko dira  eta 2008 eta 2012 urte bitartean jaiotako haurrak dira zerbitzu honen hartzaileak. 

Zeberioko Mandoia aterpetxea eta Arteako herriko bentan hartuko dute ostatu haurrek. Euskara oinarri hartuta, bertan garatuko dituzte natura, teknologiak, kirola, tailerrak eta abenturarekin zerikusia duten jarduerak. Gorbeiako parke naturala ezagutzeko txangoa, bertako nekazaritza eta abeltzaintzarekin jolasean eta abentura parkean jolasteko aukera dira beste askoren artean udalekuko arduradunek prestatu dituzten jarduerak.

Zeberio udalekuak Zeberio udalekuak2

Zeberio udalekuak3