Udalbatzaren osoko bilkurak oinarriak onartu ondoren argitaratu dira eta idazle gazteek ekainaren 30a arte izango dute epea euren proiektuak aurkezteko

Idazle gazteentzako Igartza literatura-sorkuntzarako bekak irekita dauka proiektuak jasotzeko epea. Oinarriak behin Udalbatza osoaren oniritzia jaso eta argitaratu ostean, idazle gazteek ekainaren 30era arte dute euren proiektuak aurkezteko epea. Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz sortutako beka da hau. Ibilbide honetan, euskal literaturaren eremuan izena eta izana lortu du idazle gazteentzako Igartza Literatura Bekak.

XXIII. edizioan parte hartzeko baldintza nagusiak hauek dira: 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekotan helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea, aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea, narratibako lanak izatea -eleberria  edo ipuin-bildumak- eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea.

Duela aste batzuk argia ikusi duen lana XXI. edizioan irabazle izan zen Erika Elizariren "Zendabalitz" lana izan da. Lantze eta ontze bidean berriz dago Irati Goikoetxearen "Herriak ez du barkatuko" XXII. edizioko irabazlea.  

35 urtez azpiko idazle gazteentzako Igartza literatura bekak bi hitzordu nagusi izaten ditu urtean; bata liburu irabazleak argia ikusten duenean eta bestea bekaren irabazlea jakinarazten denean. Izan ere bekaren irabazlea jakitean honek ia urtebeteko epea izaten du proiektua garatu eta ontzeko.

XXIII. ediziorako epaimahaia Ana Jaka, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleek osatuko dute. Proiektuak aurkezteko udaletxeko sarrera erregistro ofizialean egitea une honetan galarazita dagoenez, on line erregistro elektronikoa erabiliz www.beasain.eus helbidean egin beharko da. Jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den epaimahaiak erabakiko du 2020ko irailean. Bekaren diru kopurua 6.000 eurokoa izango da.

  pdf Oinarriak  (416 KB)

Argazkia: XXI. edizioan irabazle izan zen Erika Elizariren "Zendabalitz" liburuaren aurkezpena (egilea: J. Unanua)