Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Japoniako Mie Prefekturako Gobernuak lankidetza memorandum bat sinatu dute erromes ibilbideen inguruko elkarlana sustatzeko   

Beasaingo Igartzako jauregian egindako ekitaldian azaldu dutenez, Euskadin Santiago Bidearen inguruan egin den kudeaketa aztertu nahi dute Kumano Kodo bidean lan-ildo horiek garatzeko aukerak aztertzeko

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Japoniako Mie Prefekturako Gobernuak lankidetza memorandum bat sinatu dute erromes ibilbideen inguruko elkarlana sustatzeko eta elkarrekin kultura-ekimenak bultzatzeko. Hitzarmena sinatzeko ekitaldia Beasaingo Igartzako jauregian egin da, eta bertan Japoniako ordezkariek beren borondatea agertu dute Euskadin Santiago Bidearen inguruan egin den kudeaketaz ikasteko, etorkizunean Kumano Kodo bidean lan-ildo horiek garatzeko aukerak aztertzeko.

Memoranduma sinatzeko ekitaldian, Mie Prefekturako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Beasaingo Udaleko ordezkariak izan dira. Besteak beste, ekitaldian parte hartu dute Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordeak eta Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak.

Memorandun honek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailak iaz Japoniara egin zuen bisitan du jatorria. Bidaia horretan lan-harreman sendoa sortu zen Mie Prefekturako ordezkariekin, eta egunotan Euskadin dira ekonomia eta enpresarekin lotutako ekimen ezberdinak bideratzen. Bisita honen baitan gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakariarekin bildu dira. Kultura ondarearen babesa ere beren agendan kontuan izan dute, hain zuzen ere, gaur sinatu den memorandumaren bitartez.

Kumano Kodo bidea

Mie Prefekurako ordezkariek interesa agertu dute ezagutzeko nola kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzak Santiago Bidea, hemen garatutako lan-ildoak Mie Prefekturatik igarotzen den Kumano Kodo bidean txertatzeko. Memorandumak bide hori jorratzeko aukera ahalbidetzen du, Igartzako jauregian Joxean Muñoz Kulturako sailburuordeak azaldu duen moduan.

Hitzarmenak zehazten du “lankidetzak interes komuneko munduko ondareko erromes-bideei buruzko informazioa eta trukea” zabalduko dituela. Memorandumak bi urteko iraupena izango du eta iraunaldia automatikoki luzatuko da 12 hilabeteko aldi gehigarrietan alderdietako batek kontrako borondatea agertzen ez badu.

Igartzako jauregia

Agintariei egindako harreran, Aldasoro alkateak balioan jarri du honelako lankidetza hitzarmen bat egiteko garaian Igartzako Monumentu Multzoa aukeratu izana. Kokaleku hau Erdi Arotik aurrera garrantzi handikoa izan da, Euskal Herriko komunikazio eta garraiobide nagusiak hemen batzen baitira; Europara iparraldetik, Nafarroatik Mediterraneora, Arabatik Penintsulara hegoaldetik igaroz, eta Bizkaiatik Penintsularen iparraldera mendebaldetik. Donejakue edo Santiago Bidearen Euskadiko barne-adarrak ere hemen du pausalekua, horretarako Igartzako errotan kokatua dagoen erromesentzako aterpearekin. Japoniarekin Beasainek duen loturari ere aipamena egin dio alkateak herriko zaindaria den Loinazko San Martin santua Nagasaki hirian martiri hil baitzen.