Bilbon Euskalduna jauregian burutu zen banaketa ekitaldian Aitor Aldasoro alkateak Udalaren izenean Euskararen kalitate ziurtagiria jaso zuen

Ziurtagiri honek, esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du

Euskararen erabilera eta normalkuntzaren alorrean Beasaingo Udalak beste aurrerapauso bat eman du eta horren aitortza izan da Eusko Jaurlaritzak ematen duen Bikain Euskararen Kalitate ziurtagiria.

Beasaingo Udalak, ziurtagiria eskuratu ahal izateko Eusko Jaurlaritzaren ebaluatzaileen ebaluazioa jaso eta gainditu du. Ebaluatzaileek Erreferentzia Marko Estandarrean (EME) jasotako adierazleak aztertu zituzten euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa ebaluatzeko.

EMEk bi ardatz ditu, zerbitzu eta lehen mailako ardatza eta lan-hizkuntza ardatza.  Lehen ardatzean bi elementu hartzen dira kontutan; erakundearen irudia eta bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak. Bigarren ardatzean, lan –hizkuntzan lau elementu hauek aztertzen dira, barne-komunikazioa eta lan-tresnak, pertsonen Kudeaketa, kanpo-harremanak eta Kudeaketa-sistema.

Ziurtagiria jasotzeko ekitaldia Bilboko Euskalduna jauregian burutu zen. Bertan izan ziren Aitor Aldasoro alkatearekin batera udaleko antolakuntza eta euskara teknikariak. Alkateak ziurtagiria Bingen Zupiria kultur kontseilariaren eskutik jaso zuen.

Bikain1Alkatea, kultur sailburuaren eskutik ziurtagiria jasotzen

BIKAIN Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala, publikoa eta doakoa da. Esparru sozioekonomikoan euskararen presentziaren, erabileraren eta hizkuntza-kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatu eta aitortzen du.