Ia 200 ikasle bildu dira Udalak ikastetxeen bidez euskararen erabilera indartzeko eskaintzen duen zerbitzuan

Berritsu eta Txelotxe espazioetan,  4 eta 12 urte bitarteko ia 170 haur daude izena emanda eta Udal Euskaltegiak eskaintzen duen zerbitzuan DBHko 28 ikasle daude

Euskararen egunaren atarian eta ikasturte hasierako lehen hilabeteak pasata, hizkuntza errefortzurako zerbitzuan izena eman duten haur eta gaztetxoen kopurua egonkortu da. Jasotako datuen arabera zerbitzuaren beharra nabaria dela egiaztatu da.

Besteak beste, ikastetxeek atzemandako beharrari erantzunez, joan den ikasturtean jarri zuen abian Udalak euskararekin zailtasunak dituzten haur eta gaztetxoentzako hizkuntza errefortzurako laguntza zerbitzua eta horren ardura Ttakun elkarteari esleitu zitzaion.

Ikastetxeek, euskararekin zailtasunak dituzten haur eta gaztetxoak atzeman eta bideratu dituzte zerbitzu honetara. Udaleko hizkuntza politikarako sailak kudeatzen du zerbitzua ikastetxeekin elkarlanean eta orain arte jasotako datuen arabera Berritsu eta Txelotxe espazioen artean 4 eta 12 urte bitarteko ia 170 haur daude izena emanda. 

Astean 3 orduz joaten dira zerbitzura haurrak eta bertan euskaraz hitz egiteaz gain, hizkuntza lantzeko jolasak eta euskarari lotutako sormen jarduerak burutzen dituzte. Ikasleen jarraipenen berri izateko, ikastetxeek zerbitzuaren arduradunekin jarraipen bilerak egiten dituzte etengabe.

Udal Euskaltegitik DBHko ikasleentzako zerbitzua

Iaz bezala, Loinazpe ikastetxeak eta La Salle ikastetxeak zerbitzu hau eskatu zuten. Loinazpe ikastetxean Hauspoa Programaren (eskolaz kanpoko jarduerak) barruan txertatu da eta bi talde osatu dituzte, bata oinarrizko mailakoa (astean behin jasotzen du zerbitzua) eta bestea hobekuntzarako taldea (astean bitan jasotzen duena). Bi taldeak 15:00etatik 16:00etara izaten dira eta 15 ikasle dira guztira.

La Salle ikastetxean ere bi talde osatu dituzte. Han ere, bata oinarrizko mailakoa (astean bitan) eta bestea hobekuntzako taldea (astean bitan). Biak ere eguerdi partean dira eta 13 ikasle dira guztira.

Udaletik eskaintzen den hizkuntza errefortzurako zerbitzua ikasturte osora luzatuko da, maiatzaren 31a arte.