Igande honetan egun osoz musika kontzertu irekiak eskainiko dituzte Musikeneko hamalau ikaslek Igartzako jauregian

Beasaingo Udalak Musikenerekin elkarlanean antolatutako Igartza Musika Bekaren bigarren edizioak musika sustatu eta talentu berriak ezagutzera ematea du helburu

Bi beken irabazleen izenak entzunaldiaren amaieran jakinaraziko dira

Publiko guztiari irekitako hamalau kontzertu entzuteko aukera izango da igande honetan Igartzako jauregian. Ez nolanahikoak, Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak aukeratutakoak izango dira, hamalau guztira. Kontzertu emanaldiak igande goizean 11:30tan hasiko dira eta bakoitzak hogei minutuko iraupena izango du. Goizean masterraren ikasleen emankizunak entzun ahal izango dira, 6 guztira eta arratsaldean aldiz 16:00etatik aurrera goi mailako ikasleena, 8 denera. Hauxe izango da pdf egitaraua (321 KB)

Entzunaldi kontzertuetan biolontxeloa, biola, biolina, saxofoia, perkusioa, tronpeta jazz, kontrabaxua jazz eta kontrabaxua entzun ahal izango dira. Ikasleen artean bost emakumezko eta bederatzi gizonezkoen interpretazioak entzun ahal izango dira. Emanaldi bakoitza hogei minutukoa izango da. Entzunaldien ondoren eta guztiek amaitzen dutenean, Damian Martinez, Sorkunde Idigoras, Marijose Cano eta Arantxa Gastesik osatutako epaimahaiaren erabakia jakinaraziko da. Goi Mailako Musika Ikasketetako ikasle aukeratuak 2.000 euroko beka jasoko du eta Musikeneko Master ikasleak, 3.000 euro.

Musika sustatzeko helburuarekin sortutako beka

Beasaingo Udal gobernuaren aldetik, legegintzaldirako kultur mailan musikarekin lotuta zegoen egitasmo nagusietakoa zen “Igartza Musika Beka” gauzatzearena. Musikari gazteei bultzada bat emateko helburuarekin sortu zen, eta Igartza Musika programaren osagarri izan da. Interpretazio espezialitatean dabiltzan Musikeneko bertako nahiz atzerriko ikasleak onuradunak izango badira ere Beasain eta beasaindarrei eragingo dien ekimen bat da zalantzarik gabe. Izan ere talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du.

Musikene eta Beasaingo Udalaren arteko hitzarmenak hiru ikasturteko iraupena izango du, 2018ra arte. Musikenen Goi Mailako Titulazioaren laugarren urtean dauden eta Masterrean matrikula egina duten ikasleek izango dute bertan parte hartzeko aukera.