Kirola eta esku pelotaren indartzea helburu hartuta pilota profesionalaren urteko erreferentzia ekaina izatea nahi du Udalak jaialdi hauekin. Hori dela eta, egun punta puntan dabiltzan pilotari profesionalak jokatuko dute Antzizar kiroldegian ekainaren 10ean eta 18an.

Beasaingo Udala kirola eta kasu honetan pilota sustatzearen aldeko beste pauso bat emanez agertu da bi pilota jaialdien aurkezpenean. Hori honela, goi mailako pilotari profesionalen partiduak urte sasoi honetan Beasainen egonkortzeko asmoa azaldu du Aitor Aldasoro alkateak.

2009an Gernika pasealekuko frontoia pilota jolaserako egokitu zuen herri erdira pilotaren jarduera ekartzeko. Kirola eta pilotaren jarduera indartu eta afizioa egiten jarraitzeko pausoak emanez, goi mailako pilotari profesionalen presentzia eta lau t’erdiko San Fermin txapelketaren garaia dela aprobetxatuz, Aspe eta Asegarce enpresekin sinatu du bi kanporaketa Beasainen joka daitezen. Honela ekainean eta urtero goi mailako pilotari profesionalen partiduak antolatzeko asmoa ziurtatu da gaur sinatutako akordioaren bidez Asegarce eta Aspe enpresekin.

Lehen jaialdia eta kanporaketa larunbat honetan, ekainak 10, jokatuko da. Asegarceren adarreko jokalariak izango dira. Binaka Agirre eta Tainta, Bakaikoa eta Urretabizkaia II.aren aurka ariko dira. Ondoren eta II. ETB-LEP.M torneoan Alberdi eta Eskiroz, Peio Etxebarria eta Garmendiaren aurka jokatuko dute. Egun honetako jaialdiko estelarrean eta lau t’erdiko San Fermin txapelketaren kanporaketan Olaizola II.a eta Artola izango dira aurrez aurre. Jaialdia arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta sarrerak aldez aurretik 15€ eta txardelgeian 20€ balio dute eta Antzizar kiroldegian eskuratu daitezke.

Bigarren jaialdia ekainaren 18an izango da. Hemen Aspe enpresako pilotariak jokatuko dute. Eskuz binakako partiduan Menizabal III.a eta Erostarbe, Ugalde eta Tolosaren aurka lehiatuko dira eta txapelketako kanporaketan Irribarria eta Altuna III.a izango dira aurrez aurre. Jailadi honetarako sarrerak 25€an daude salgai Beasaingo kiroldegian.

Aurkezpenean Aitor Aldasoro alkatea eta Elena Ruiz kirol zinegotziaz gain, Asegarcetik Jose Angel Gorostiza, eta pelotarien artean Irribarria, Altuna III.a, Artola, Urretabizkaia II.a, Garmendia eta  Alberdi egon ziren. Bi jaialdiak ETBk eskainiko ditu zuzenean.